Herritarrak, Adunako Herri Azokako protagonistak

Ataria 2018ko aza. 2a, 15:40

Azaroaren 11 egun berezia izango da Adunan. Herri Azoka egingo dute eta auzolanarekin batera, zuzeneko erakustaldiak egongo direla nabarmendu dute.

Azoka izaki, postuak izango dira bertako produktuak erosi eta dastatu ahal izateko, baina ez hori bakarrik, lehengo eta oraingo lanbideak erakutsiko baitituzte zuzeneko emanaldietan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, azoka eredu berri bat proposatu nahi dute eta horregatik herritarrek hartu dute produktuak lantzeko prozesuak erakusteko ardura.

Herritarrek egun osoko egitaraua prestatu dute udalarekin elkarlanean, eta ekitaldiei hasiera emateko elizako ezkilen joarea entzungo da, 10:00ak inguruan. "Goiz osoan zehar hainbat herritarrek erakustaldi didaktikoak" eskainiko dituzte; ogia, txorizoa, odolkia, eztia eta sagar-jotzearen inguruan, zehazki. "Landutako produktuen aniztasuna, garia eta artoa aletzea, lixibia egiteko prozesuak, Ogiaren Ibilia dokumentala eta abar adunar askok parte hartu izanagatik" datozela ere nabarmendu nahi izan dute.

Horiek horrela, lurra lantzeari lotutako lanbide zaharrak erakutsiko dituzte eta euskal jantziak soinean izango dituzte egun osoz. 47 postu egongo dira guztira, herrian zehar sakabanatuta, eta postu gehienak herritarrenak izango dira. Era berean, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako artisau postu bana gonbidatu dituztela ere esan dute.

Postuekin batera zuzeneko musika egongo da, eta herri bazkaria ere egingo dute. Txartelak aurrez erosi behar dira Uztartza aterpetxean; helduek 17 euro ordaindu beharko dute eta 16 urtetik beherakoek 9 euro. Ondoren, erromeria egingo dute.

Herritarrak izango dira Adunako Herri Azoka Bereziko protagonistak, hortaz, helburua hori baita; herritarren partaidetza sustatzea. "Helburu hori lortzeko, azoka egunetik areago, urte osoan ari gara lanean, besteak beste, garia, babarruna eta artoa erein ditugu, txorimaloak egin eta baratze zein soroetan jarri ditugu. Adunarrok elkarlanean egindako jarduera horiek guztiek herritarren arteko harremanak sustatzen dituzte eta, prozesu parte-hartzaile bidez lortutako produktuek ondare materiala osatzen duten neurri berean, herritarren arteko kohesioak Adunaren nortasuna sendotzen du", esan dute. "Herritar guztiak bihurtu gara Adunaren enbaxadore eta proiektuaren dibulgatzaile", gehitu dute. 

Garraio publikoa, doan

Azoka eguna dela eta, Adunara igotzeko errepideak itxita egongo dira azaroaren 11n eta bertaratzeko doako garraio publikoa jarriko dute 09:00etatik 18:30ak arte. Aparkalekuak Ibai-ondo, Uparan, Urtaki eta Irizar ondoko industrialdeetan jarriko dituzte.

Beste oharrik ere badute, hurbiltzen direnei erosketak egiteko poltsak edo saskiak eramateko eskatu diete, horrela ahalik eta zabor gutxien sortu ahal izateko.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!