Luxenburgok 14 autobus gehiago erosi dizkio Irizarri

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 25a, 10:25

Zero igorpeneko Irizar ie ereduko 21 autobus izango ditu, guztira, Luxenburgok. Horietako zazpi dagoeneko funtzionamenduan dira.

Kontratu berria sinatu du Adunako Irizar enpresak Luxenburgon. Akordio horren arabera, Voyages Emilie Weber taldeak, Luxenburgoko garraio konpainiarik handienetakoak, Irizar ie bus modeloko 14 autobus berri eskuratuko ditu, eta horien mantenua ere Irizarren esku geratuko da.

Gaur egun gisa horretako 12 metroko zazpi autobus daude martxan bertan, zero igorpenekoak guztiak, ehuneko ehun elektrikoak. Eskuratu berri dituzten 14 autobus berriak, aldiz, 18 metrokoak izango dira.

Luzera horretako 525 kWh-ko Irizarrek egingo dituen lehen autobus artikulatuak izango dira. 200 kilometro inguru egiteko autonomia dute, eta gauean zehar kargatzen dira, Irizar taldeak berak sortutako kargagailu elkar-eragingarrien bitartez. 51 eserleku dituzte, baina guztira 104 bidaiari hartzeko lekua dute. Horrez gain, ibilgailu bakoitzak usb-harguneak izango ditu, baita telefonoa kargatzeko entxufeak eta Wifi irekia bidaiarientzat.

Adunako Irizar enpresatik azaldu dutenez, lehen ibilgailuak 2019ko martxotik aurrera erabilgarri izango dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!