Auzolana eta zuzeneko erakustaldiak, aurtengo Adunako herri azokan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 23a, 16:30

Azaroaren 11n egingo dute Adunako Herri Azoka Berezia eta guztira 45 postu egongo dira herrian zehar. Zuzeneko erakustaldiak ere egingo dira, egun osoko egitarauaren barruan.

Azaroaren 11n egingo da Adunako Herri Azoka Berezia. Auzolana da ekimen berri honen oinarri nagusia. Azoka-eredu berri bat proposatu nahi dute adunarrek eta herritarrek zuzenean erakutsiko dituzte produktuak lantzeko prozesuak. Bostehun biztanle inguruko herria izanik, berrehundik gora herritar ariko dira egun osoan gisa guztietako produktuak nola egiten dituzten erakusten. Adunako biztanleen erdia aritu da urte osoan zehar ekitaldirako prestatzen, eta urte osoko elkarlanean egindako lanean jarri nahi dute azpimarra.

Herri-tradizio askotan San Martin egunak markatzen du neguaren hasiera. Hartza lozorrora doa, eta txerri-bodatan hotzari aurre egiteko haragiak prestatzen dira. Beste garai batzuetako kontuak dirudite, baina gure arbasoen belaunaldien bizi-zikloa halakoa zen. Naturatik bizi zen komunitatetik zer ikasi asko dugula iritzita, adunarrek azoka berezia prestatu dute.

Egun osoko egitaraua prestatu dute Adunako herritarrek udalarekin elkarlanean. Elizako ezkilen joarekin hasiko da eguna, eta goiz osoan zehar hainbat herritarrek erakustaldi didaktikoak egingo dituzte. Leire Saizarrek eta Eneko Ariztimuñok ogia etxean egiteko prozesu osoa egingo dute hurbiltzen diren guztien aurrean. Ogiaren tartekoa osatzeko, txorizoa egiteko prozesua izango da hurrengo pausua. Sagar-jotzea, garia eta artoa aletzea, eta lixiba egiteko prozesuak ere egingo dituzte adunarrek. Landutako produktuen aniztasuna adunar askok parte hartu izanagatik dator.

Prozesu horiekin guztiekin lurra lantzeari lotutako lanbide zaharrak erakutsiko zaizkio publikoari. Guztira, 45 postu egongo dira herrigunean zehar. Horietako gehienetan adunarrak ariko dira gisa guztietako lanak eta produktuak erakusten. Euskal Herriko zazpi herrialdetako postu bana ere izango da gonbidatu moduan.

Egunean zehar zuzeneko musika joko dute zenbait herritarrek, eta herri bazkariaren ondoren erromeriarekin amaituko da azoka. Eguraldiaren gorabeherak ere aurreikusi dituzte, eta euria egingo balu, prestatuta dago azokako postuak kokatzeko plana.

Ondarea: materiala eta ez materiala

Azokaren helburu nagusia herritarren partaidetza sustatzea da. Helburu hori lortzeko, azoka egunetik areago, urte osoan ari dira lanean adunarrak eta, besteak beste, garia, babarruna eta artoa erein dituzte, txorimaloak eginda, eta baratze eta soroetan jarrita. Adunarrek elkarlanean egindako jarduera horiek guztiek herritarren arteko harremanak sustatzen dituzte eta, prozesu parte-hartzaile bidez lortutako produktuek ondare materiala osatzen duten neurri berean, herritarren arteko kohesioak Adunaren nortasuna sendotzen du. Produktu zehatzetatik harago, pertsonen arteko harreman zuzenek ondare ez material baina oso aberatsa osatzen dute. Partaidetza eta inplikazio horren ondorioz, adunar guztiak bihurtu dira Adunaren enbaxadore eta proiektuaren dibulgatzaile.

ADUNAKO HERRI AZOKA - EREITEN TA HARTUZ HERRIA UZTARTUZ

INFORMAZIO OROKORRA

Herri azoka goizeko 10:00etan hasiko da eta arratsalde arte iraungo du jaiak.

Adunara igotzeko errepideak itxita egongo dira eta bertaratu nahi duen guztiek dohainik izango den garraio publikoa erabiltzeko aukera izango dute.

Aparkalekuak

Adunako industriaguneetan izango dira: Ibai-ondo, Uparan, Urtaki, eta Irizar ondoko aparkalekuan izango da autoak aparkatzeko lekua.

Garraio publikoa

Autobus zerbitzua egongo da dohainik aparkalekuetatik azokaraino hurbiltzeko egunean zehar, 09:30etik 18:30era.

Herri-bazkaria

Bazkariko txartelak aurrez hartu beharko dira telefono deituta edo Adunako Uztartza aterpetxean, azaroaren 6a baino lehen:

  • ●  Helduak: 17 euro

  • ●  Gaztetxoak: 9 euro (16 urtetik beherakoak)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!