Adunako Amabirjin Jaiak 2018

Castellers ikusgarriak Adunan

Mikel Iraola 2018ko abuztuaren 14a

Vilafrancako Falcons Castellersek zur eta lur utzi dituzte adunarrak eta herrira gerturatu diren gainerakoak. Herriko gaztetxoek ere proba egiteko aukera izan dute.

Zelako giro ona jarri duten Zizurkilgo Erraldoien konpartsak eta Falcons de Vilafranca Castellers taldeak, gaur arratsaldean Adunan. Eta giroa gutxi balitz, ederra izan da eskaini duten ikuskizuna, bertaratutakoak liluratzeraino.

18:00ak pasatxo zirela, Luis Eraso artisauaren erakustaldia amaitu bezain pronto, Uztartza parean lehen giza-dorreak egin eta kalejira abiatu dute, zizurkildarrekin batera. Orduantxe euria hasi du, eta zuzenean frontoira joan dira. Plazan ordez bertan egin dute emanaldia, harmailak jendez lepo zirela.

Eta ez da gutxiagorako izan. Forma askotariko giza-dorreak egin dituzte egunotan eskualdean diren Vilafrancako lagunek, pilotalekuko harmailetako azken solairuraino heltzeraino. Badute meritua! Goraino igotzen diren txikitxoek, baita azpian indartsu eusten dietenek ere.

Bien bitartean, alboan, txoko batean, Adunako hainbat gazte giza-dorreak eraikitzeko saiakerak egiten aritu dira, eta kataluniarren emanaldiaren amaieran izan dute horretarako parada. Pozez txoratzen igo dira castellers batzuen sorbalda gainera. Emanaldia amaitzeko, ikurrina eta estelada atera dituzte. Gero, Adunako Jai batzordeari eta Adunako alkate Josu Amilibiari, zapi eta disko bana oparitu diete.

Pilotalekukoa amaituta, sagardo dastaketa hastear zen plazan. Bada, eguraldiak hobera egin eta Castellersek azken ikuskizuna eskaini dute. Udaletxeko balkoira igo dira, giza-dorre bat eraiki ostean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!