Egitarauan txupinazoa 13:00etan zela jarri arren, Adunan, haurrak izan dira goiz-goizetik festa girora animatu diren lehenak. Puzgarri desberdinetan jolas egiteko aukera izan dute, guztiak plazan bildu diren arte. Orduan, oilasko biltzaileak heldu dira udaletxe aurrera. Goizean zehar, baserriz baserri suziriak botatzen aritu ondoren, eta trikitilarien laguntzaz, herritarrengana gerturatu dituzte oilaskoak. Aurtengoak, ordea, plastikozkoak izan dira.
Herritar gehienak herriaren erdigunean zirela heldu da eguneko momentu garrantzitsuena: festen hasieraren iragarpena. Murgil elkarteko kideek izan dute suziria pizteko ardura, eta baita herritarrei hitz batzuk esatekoa ere. Txatarras herritarrei gazteleraz zuzendu zaie hasieran, hauen arridurarako. Gero, ordea, berak ere arrotza zela bazekienean, euskaraz hasi da, hizkuntza honetan aritzeko herritarrei ahalegin bat egin dezaten eskatuz. Ondoren, festa lehertu da.
Haurrak, bazkarirako bildu aurretik, gozokiak jateko aukera izan dute, nahiz eta pozak gutxi iraun dien, segituan azaldu dira eta plazara, buruhandiak. Oilasko biltzaileak, berriz, tradizio bilakatu den dantzaldia eskaini, eta ondoren, jolaserako elkartu dira. Honetan, baina, batzuk beste batzuk baino abilezia handiagoa erakutsi dute, gezurrezko oilaskoei lepoa mozterako garaian. Bestetik, II. Urrezko Oilaskoa saria banatu dute aurten ere, eta bi pertsonentzako asteburu pasa baten irabazlea, Ibon Aburuza izan da. Berak plazara eraman duen oilaskoa izendatu dute ederrena bezala.
Festa hasi besterik ez da egin, nahiz eta aurrerapena aurreko asteburuan izan. Aurretik, lau eguneko egitaraua dute, eta gaur arratsaldean ere haurrak izango dira protagonista, oilasko biltzaileak afarirako bildu aurretik.