Benjaminen mailan, erraz gailendu dira Gaztañaga eta Beroz. Andoaingo Gazteleku pilota elkarteko pilotariek 16-3 irabazi dute Villabonako Behar Zana taldeko Oñate eta Otaegiren aurka.
Alebinen mailan Oreretara joan dira txapelak. Lizarazu eta Etxeberriak osatutako bikoteak 16-11 irabazi du, Intxurreko Iturriotz eta Murua altzotarren aurka.
Infantil mailako finala estu joan da bigarren erdira arte, eta tanto ikusgarriak jokatu dituzte. Tolosaldean geratu da txapela, Aurrera-Tolosako Amundarain eta Iztuetak 18-13 irabazi baitute LAPKE-Lazkaoko Irribarria eta Gartziaren aurka. Tolosako pilotariek markagailua irauli behar izan dute txapela irabazteko, eta azken emaitzak erakusten duena baino lehia biziagoa izan da kantxan.
Arratsaldeko azken neurketa oiartzuarrek eta azpeitiarrek jokatu dute. Oiartzungo Sein eta Aburuza izan dira garaile, 22-18, Azpeitiko Ilunpe taldeko Egiguren eta Labakaren aurka. Markagailua nahiko berdindua izan da ia neurketa osoan zehar, eta ez batak ez besteak ez zuen bizpahiru tantoko tartea baino gehiago lortzen.
Aurrez jokatu den pala erakustaldian, berriz, Eskolarteko txapelketako garaile izan ziren Alaitz Navarrok eta Aiora Zubillagak 16-10 irabazi dute Aiztondo Pilota Txapelketako irabazle izan ziren Irati Tejeria eta Jone Agirreren aurka. Beraiek ere jaso dute saria.