Luxenburgok Irizar ie bus modeloko 10 autobus elektriko erosi ditu

Ataria 2018ko ekainaren 28a

François Bausch ministroak, Garraio Ministerioko zerbitzu teknikoak, Voyages Emile Weber-ek eta Irizar e-mobilityko ordezkariek aurkeztu dituzte aurten entregatuko dituzten hamar autobus elektrikoetatik lehen seiak.

Albiste ona Adunako Irizar enpresarentzat. Luxenburgok ie bus modeloko zero isurpeneko hamar autobus elektriko erosi ditu. Gaur aurkeztu dituzte lehen sei unitateak. 12 metrokoak dira, bi ate dituztenak. Eco Assist izeneko sistema dute, gidaritza optimizatuz, kontsumoa murriztuz eta gidariari denbora errealean laguntzeko.

Autobus hauek Mersch (Gare) eta Luxenburgoko Badanstalt geltokiak lotuko dituzte, 290 linean. 200 kilometro baino gehiagorako autonomia dute, hortaz, 16 orduz gidatu ahal izango dira. Ondoren, gauez kargatuko dira, Bissen-en egin duten kotxe-toki berrian. Kargadoreen hornitzailea ere Irizar bera da.

Hain zuzen, Bissen-go kotxe-tokitik hurbil kalitatezko salmenta ondorengo zerbitzu esklusiboa emango duen gunea zabalduko du Irizarrek. R&M zerbitzu pertsonalizatuak eskainiko dituzte bertan, eta aditu teknikoek eta han bertan kontratatutako pertsonek kudeatuko dute. Irizarren ustez, «aberastasuna eta enplegua» sortuko ditu lantegi berriak.

Gainerako lau unitateak, beranduago entregatuko dizkiote Luxenburgoko gobernuari. Lau unitate horiek 18 metrokoak izango dira, erabat isilak eta zero isurpenekoak.

Luxenburgoko garapen iraunkor eta azpiegituretako ministroaren hitzetan, proiektu honek «garai berri bat» irekiko du, Rifkin ikerketan ateratako ondorioetan oinarrituta, ikatzik gabeko garraio publiko bat sortzeko.

Irizarren autobus modelo hau Europako hamar hiritan dabil, 2014az geroztik, «egiaztatutako autonomia, efizientzia eta fidagarritasun osoz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!