Bibliotráileeres saria irabazi du Adunako Herri Eskolak

Ataria 2018ko ekainaren 13a

Lehen Hezkuntzako saria jaso dute adunarrek, El Principito liburuan oinarrituta egin duten laburpen bideoagatik.

Espainiako Gobernuaren Hezkuntza Ministerioak Leer.es plataformaren bitartez, gaztetxoengan irakurzaletasuna, animazio teknikak eta teknologia berrien erabilera sustatzeko antolatzen duen III. Bibliotráileeres lehiaketako lehen saria irabazi du Adunako Herri Eskolak, Lehen Hezkuntzako mailan.

Liburu batean oinarrituz, eta animazio teknikak erabiliz, trailer bat egin behar izan zuten 5. eta 6. mailako ikasleek: El Principito liburua aukeratu zuten horretarako.

Tertulia dialogikoen barruan irakurri zuten liburua, eta ondoren, ikasle bakoitzak bere hausnarketa egin zuen. Horrez gain, gehien gustatu zitzaizkien liburuko esaldiak aukeratu zituzten, eta horiek batuz osatu zuten bideoa. Stop motion teknika erabili zuten bideoa osatzeko.

"Mimoz landu genuen. Ikasleek ilusio handiz hartu dute saria, eta tutoreak, agian, handiagoarekin", diote eskolako kideek.

Hauxe da osatu duten bideoa:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!