Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak gure etxeetan, enpresetan eta elkarteetan energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendio ezagutzera emateko doako saioak antolatu ditu.
Denok erabiltzen dugu energia (argindarra, gasa, gasolioa…) gure egunerokotasunean, horregatik Adunako Udalaren esanetan guztiontzako da interesgarria saio hau. "Agian aholku batzuk ezagunak egingo zaizkizu baina, adibidez, bonbilla bat erosterako garaian asko dira kontuan hartu beharreko faktoreak. Hori eta gauza gehiago azalduko dira saio honetan". Gainera, parte hartzen dutenei, Energia-aurrezkiari eta –eraginkortasunari buruzko aholku praktikoen gida banatuko zaie. Gida honetan modu erraz eta ulergarrian azaltzen dira energia aurrezteko eta eraginkorragoak izateko baliagarriak diren hainbat aholku.
Hori jakinda, Adunako Udalak Gipuzkoa Argitu izeneko tailerretan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak eta udalerriko gizarte eta ekonomia eragileak. Adunako kultur aretoan izango da saioa, ekainaren 5ean, asteartea, 18:00etan hasita. Ordubeteko iraupena izango du tailerra eta aurrez eman beharko da izena, udala@aduna.eus helbidean edo 943 36 25 71 telefonoan, maiatzaren 30a baino lehen.
Piztu Tolosaldea
Ekainaren 5ean mundu mailan Ingurumenaren Eguna ospatzen da eta ekainaren 4tik 8ra, Energia Iraunkorraren Europako Astea. Tolosaldea eskualdeak badu energiaren trantsiziorako energia-plana,Piztu Tolosaldea eta Adunako Udalak bat egiten du bere helburu eta ekintzekin. Eskualdeko energia-planean herritarrak energiaren aurrezpenaz nahiz eraginkortasunaz sentikortzeari buruzko hainbat jarduera barneratzen ditu eta horien artean daude, esate baterako, herritarrei zuzendutako ikastaroak.