Adunako Irizar e-mobility lantegia inauguratu dute

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 11a, 21:25

Europako lehenengo elektromugikortasun lantegia da eta 18.000 metro koadroko azalera du, ia lau hektareako lursailean. 75 milioi euroko inbertsioa egin dute fabrikan. Inaugurazio ekitaldian izan dira Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Josu Amilibia Adunako alkatea.

Amilibiarenak izan dira lehen hitzak inaugurazio ekitaldian: "Egun pozgarria da gure herriarentzat, Tolosaldea eskualdearentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskal Herri osoarentzat". Adunako alkateak nabarmendu duenez, urte luzetako lana izan da herriko erriberako industrialde guztia garatzea eta azken urteetan Irizarren eskutik egin dute lana elektromugikortasun planta eraikitzeko. "Horrek gurea bezalako herri txiki batentzat suposatzen duen guztiarekin". 

Irizar e-mobility lantegiak garatzen duen jarduera "mundu mailan aitzindaria da", Amilibiaren ustez, eta garapen iraunkorrarekin lotura estua duenez, "etorkizunean kokatzen gaitu". Aduna, ingurugiroarekin "kontzientziatuta" dagoen udalerria dela esan du alkateak, eta adibidetzat jarri du herrian daramaten hondakinen kudeaketa: "Sentsibilizazio kanpaina eta praktika onekin, gaikako bilketa eta birziklatze tasa %80tik gora kokatzea lortu dugu". Aurrera begira dituzten fotoboltaika eta biomasa proiektuak aipatu ditu, eta aitortu du, elektromugikortasuna etorkizuneko jasangarritasun faktoreetako bat izango dela. "Beraz, jasangarritasunaren alde egiten duen udalerri batean, irizpide hori jarraitzen duten ondasunak ekoitziko dira aurrerantzean". 

Arantza Tapia sailburuak eta Markel Olano diputatu nagusiak ere hartu dute hitza sarrera ekitaldian eta Jose Manuel Orcasitas Irizar Taldeko Zuzendari nagusiak gidatuta, xingola moztu dute lantegiaren atarian. Ondoren segizioak, bulegoak eta showrooma bisitatu dituzte eta jarraian produkzio gunera jo dute. 

Agintariek nabarmendu duten beste alorretako bat "aberastasuna eta enplegua sortzearekin lotutakoa" izan da. Aipatu dutenez, dagoeneko 150 lanpostu sortu dira Adunako Irizar e-mobility lantegian eta 200 izango dira urtea bukatzerako; datozen bost urteetan beste 300 eta 500 artean sortzea aurreikusten du enpresak. 

Inaugurazio ekitaldian 500 pertsonak parte hartu dute eta lantegian bertan atondutako jantokian afaldu dute elkarrekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!