Garaiak eta beharrak, biak aldatzen ditu denborak eta, aldaketa hori, edonora iristen da; baita margogintzara ere. Duela hiru hamarkada ekin zion, Gabriel Otaegik, Goiatz SL enpresaren bideari eta, garai hartan ia erabat egitura metalikoekin eta hondar-txorroekin aritzen baziren ere, gaur egun eraikinetako fatxadak eraberritzen aritzen dira, isolamendu termikoa dela-eta.
«Datuen arabera, eraikin baten aurrealdea edo fatxada termikoki eraberrituz gero, energia aurreztea %50ekoa da. Eta, gutxiago balitz ere, asko iruditzen zait», dio Otaegik. Bide horretan, fatxadak isolatzeko joera inguru osora zabaldua da: «Gipuzkoan, hamar fatxada-eraberritzetik ia zortzitan, isolamendu termikoaren tratamendua egiten dute. Inbertsio handia izan ohi da, baina, gerora, abantaila handiak ditu», dio.
Goiatz SL enpresak, dena den, hainbat esparrutara bideratzen du bere jarduna, Adunako lantegitik. Margoekin aritzen dira, oro har, bai barruan, bai kanpoan, eta eraikinen ohiko konponketak ere egiten dituzte, isolamendu termikorik gabeak.
Ezagutza eta kalitatea
Azken urteotan, norbere etxeko hormak nor bere gisara margotzeko ohitura gero eta gehiago zabaldu izan da, langile adituen zerbitzuak kontratatu beharrean.
Gabriel Otaegik argi dauka, jende askok bide hori aukeratzen duela, «merkeagoa izango delakoan, baina, askok, gero, profesionalei deitu behar izaten diete». Bere arabera, askotan, kalitate txarreneko pintura eskuratzen du jendeak, hori hala dela jakin gabe, eta emaitzan zuzenean eragiten du horrek: «Jende asko aritzen da horretan, baina emaitza ez da bera izaten, ezta gutxiago ere».
Izan ere, ezinbestekoa da egoera irakurtzen jakitea, eta etxebizitza bakoitzaren baldintzetara hobekien egokitzen den pintura eta konposizioa aukeratzea: «Pinturak satinatuak edo mateak izan daitezke, eta bakoitzak du bere trikimailua, nolabait. Adibidez, hormak pintura satinatuarekin margotuz gero, nahitaezkoa da horma horiek zuzen-zuzenak izatea; bestela, akats guztiak bistaratzen ditu margo satinatuak. Kontrara, pintura mateek asko disimulatzen dituzte akats horiek».
Konposizioarekin batera, pinturek tratamendu bereziak ere izan ditzakete eta, fatxaden bidetik, etxebizitzetako hormak ere babes daitezke baldintza klimatologikoetatik. Gabriel Otaegik nabarmendu duenez, Euskal Herrian «izugarri» erabiltzen da etxeetan hezetasunagatik-eta ateratzen diren orbanen aurkako pintura: «Pintura horrek orban horiek desagerrarazten ditu. Lehenengo horma ondo garbitu behar izaten da, eta gero margo hori eman. Prezio ia bikoitza izan ohi du, baina luzaroan irauten du tratamenduak, eta asko erabiltzen dugu. Nik, esaterako, zalantzazko etxe bat ikusten dudanean, zuzenean proposaten diet, bezeroei, pintura berezi hori ematea». Adituaren arabera, gutxienez hamar urtez mantentzen ditu hormak garbi eta, inguru honetan, oso beharrezkoa da.
Margogintzan aritzen direnen lana da, batetik, hormak eta etxebizitzak ondo babestarena. Halaber, ordea, badute ardura garrantzitsu bat ere: etxeetako hormak koloreztatzearena. Bide horretan, garaiak eta modak ere asko aldatu direla dio Otaegik: «Lehen kolore deigarriak eta biziak zeuden joeran, baina, gaur egun, kolore leunak aukeratzen ditu ia jende guztiak: zuria edo ia zuria, grisa,... Egia da, hasieran, kontrasteak eta erakargarri suerta daitezkeela, baina, gerora, errazago aspertzen da bat, kolore deigarriekin. Eta, noski, argiarekin ere badu zerikusia: tonu argiekin, etxea alaiagoa da beti».
Gomendio horiek guztiak iparrorratz dituztela, Goiatz SL enpresa Villabona-Aiztondo bailaran aritzen da, batez ere. Dena den, Tolosaldea osoa, nahiz Donostialdeara ere zabaltzen dute beren jarduna. www.goiatz.net webgunean dute, etxeen kanpo-barruak txukuntzeko beharrezko informazio guztia.
FITXA
Helbidea. URTAKI POLIGONOA, 33. ADUNA.
Telefono zenbakia. 609 14 37 13/943 69 31 01.
E-maila. goiatz@goiatz.net
Webgunea. www.goiatz.net