«Gastronomia graduan, sukaldaritzaz gain, beste jakintzagai batzuk ere ikasten dituzu»

Babestutako edukia 2018ko api. 16a, 07:56

Irati Berasaluze, Laskorain ikastolako ikasle ohia, Adunakoa da eta Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak gradua ikasten ari da Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultatea-Basque Culinary Centerren.

Zergatik aukeratu zenuen Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak gradua? Eta zergatik Basque Culinary Center - Mondragon Unibertsitatean?

Betidanik ama ikusi izan dut etxean prestatzen eta beti gustatu izan zait sortzen duen giro egoki eta polita bere platerekin. Txikitatik berarekin kozinatzeko aukera izan dut eta, gastronomia munduari buruz gehiago ikasi nahi nuenez, gradu hau egitea erabaki nuen.

Basque Culinary Centerren ikastearen lehen arrazoia da, etxetik gertu dudala eta bigarrena, janaria prestatzeaz aparte beste hainbat gauza ikasteko aukera dago, beste gastronomiako, goi mailako zikloek edo graduek eskaintzen ez dutena.

Nola balioetsiko zenuke orain arte bizitako esperientzia?

Egia esan, espero nuena baino askoz gusturago nago. Gradu honetan ezer jakin gabe sartu naiz eta hasieran beldur pixka bat nuen baina, egia esan, bertako jendea, taldea, irakasleak... denak, laguntzeko prest daude eta hori asko eskertzen da.

Pentsatzen nuena baino askoz gehiago ikasten ari naiz eta, egia esan, oso gustura.

Nola definituko zenuke Basque Culinary Centerren jasotzen duzun ikasteko metodologia?

Egia esan, pixka bat arraroa da. Hau da, batxilergotik etorri berri naiz eta ikasteko metodologia Batxilergoan eta BCC-an oso ezberdinak dira; baina, hala ere, oso egoki eta interesgarria iruditzen zait, betiko metodologia hautsi eta praktikotasunari aukera ematen zaiolako.

Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta zerbait hobetzeko?

Unibertsitatetik gehien gustatzen zaidana ate asko zabaltzen dituela da. Nik uste nuen kozinatzen bakarrik ikasiko nuela eta, bat-batean, ohartu naiz gastronomia ez dela hori bakarrik. Gainera, gradu honetan, talde lanean eta adiskidetasunean lan egiten ikasi dut, beste leku askotan ikasi ez dudana.

Egia esan, oso denbora gutxi daramat hemen ikasten eta oraingoz ez nuke ezer aldatuko. Hala ere, badago pena ematen didan zerbait, hizkuntza. Ikasle asko munduko herrialde ezberdinetatik etortzen direnez eta hauek euskara ikasten jartzea erraza ez denez, eskolak gaztelaniaz ematen dira. Alde batetik, inguru multikultural batean ikastea oso aberasgarria da eta, bestetik, nire ama hizkuntza izanik eta unibertsitatea Donostian egonda, tristura ematen dit euskaraz ez ikasteak.

Etorkizunari buruz zeintzuk dira zure asmoak?

Egia esan, oraingoz ez dakit zer egin edo izan nahi dudan, baina bidaiatzea eta ahal dudan guztia ikastea gustatuko litzaidake. Bestalde, aurten sortutako proiektuarekin jarraitu nahiko nuke. HESTIA Project izena du eta gure asmoa da, errekurtsorik gabekoei otordu duinak eskaintzea. Horretarako, gaur egun dagoen beste arazo bati eutsi nahi diogu: multinazional handiek ezarritako edertasun estandarra ez betetzeagatik egunero botatzen diren elikagaiak aprobetxatzea. Estetikoki perfektuak ez diren baina nutrizio aldetik guztiz baliagarriak direnak erabiliz. Gure proiektua aurrera eramateko talde lan bat antolatu dugu izen handiko jatetxeetan lan egiten duten sukaldariekin, hauek baitira lehen aipatutako elikagai zatarrak erabiliz mirariak egin ditzaketenak, polit ez diren baina guztiz erabilgarriak direnekin artelanak sortuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!