Txantxaenea eraikinean kokatuko da Adunako liburutegia

Ataria 2018ko ots. 6a, 08:00

Milioi bat euro pasatxoko aurrekontua izango du udalak eta Txantxaeneko eraikineko obra izango da inbertsio nagusia

2016ko urte amaieran erosi zuen Adunako Udalak Txantxaenea eraikinaren behealdeko lokala. 2018an zehar bertan kokatuko dute, gaur egun udaletxeko goiko solairuan dagoen liburutegia. Josu Amilibia alkateak esan duenez, «kokapen hobea» da horrelako azpiegitura batentzat: «Plazatik gertu, frontoi eta parkearen ondoan dago». Gaur egun liburutegia, astean bitan baino ez dute zabaltzen Adunan eta udalaren asmoa da astegunetan egunero zabaldu ahal izatea, horretarako kultur teknikari bat kontratatuta.

Aurrera begira asmo gehiago ditu udalak Txantxaeneko bebarrurako. Plazan dagoen umeen lokala ere bertan kokatuko lukete eta herriko produktuak saltzeko denda bat ere zabaldu nahi dute, kafetegi gisa ere funtzionatuko duena. Gainera, lokalaren atarian geratzen den espazioa estali nahi dute eta herriko erretiratuei eskaini, bilgune bat izan dezaten. Erabilera anitzeko gunea izango da, beraz, Txantxaeneako lokala.

AURREKONTU SANEATUA

Miloi bat euro pasatxoko aurrekontua izango du Adunako Udalak 2018an. Hasiera batean, iaz baino txikiagoa da, Amilibiak azaldu duenez «aldakorra» izaten baita kopurua: «Herriak industrialde handia du, eta bertan egiten diren salmenta eta obren ondorioz zergak jasotzen ditu udalak». Iaz, Irizarren lantegia kokatu zuten Adunan eta industrialdearen urbanizazioaren bigarren faseari ekingo diote aurki, beraz, aurreikuspenak «positiboak» dira alkatearen ustetan. Gainera, iaz zor guztiak kitatu zituzten eta aurten, milioi batetik gorako gerakina izango dutela uste dute. «Kontuak saneatuta dauzkagu eta horrek inbertsio berriei ekiteko aukera ematen digu».

Liburutegia tokiz aldatuta, udaletxeko eraikinean libre geratuko den espazioa baliatu nahi dute hainbat berregituraketa egiteko. «Besteak beste, artxiboa egokitu nahi dugu, orain bi solairu ezberdinetan daukagu eta toki bakar batean bildu nahi dugu, artxibozainarentzako postua prestatuta. Gainera, suteen kontrako sistema berezia jarriko da». Udal bulegoetan ere aldaketak egingo dituzte, besteak beste, idazkariarentzat espazio bat egokituta.

Beste hainbat lan ere burutuko dituzte herrian, 2018an zehar. Hilerrira joateko espaloia luzatuko dute, eta horrekin batera, edukiontzi berriak jarriko direnez, horiek dauden tokian egokitzapenak egingo dituzte. Herriko beste lauzpabost tokitan espaloiak konponduko dituzte, alkatearen esanetan, «zenbat tokitan zuloak sortu direlako eta beste batzuetan, zuhaitzen sustraiek lurra altxa dutelako». Eskola inguruan egingo dira lan horietako batzuk, eta hain justu, eskola barruan aldaketak egin dira argi detektagailuak, estraktoreak, pultsadoreak eta suteen aurkako sistema gela guztietara zabaldu dute. Frontoian ere, komuneko ateak, orain artekoak, aldatuko dituzte.

UZTARTZA ERABERRITUTA

Uztartza ostatuaren kudeaketa lehiaketa publikora atera zuen Adunako Udalak joan den azaroan. Otsailaren 1etik esleipendun berriek daramate aterpetxe, jatetxe eta tabernaren ardura. Zazpi urteko kontzesioa da egindakoa, luzatzeko aukerarekin. «Aurreko titularrak utzi egin du eta bertan lanean aritutakoek hartu dute orain. Aldaketa handirik ez da izango, beraz», esan du Amilibiak. Dozena bat lagunek egiten dute lan Uztartzan.

Ostatuaren ardura eramango dutenen artean aldaketa handirik ez da izango, baina udalak argitara ateratako pleguetan txertatu dituzte baldintza batzuk: «Besteak beste, jendaurrean aritzen direnek bi hizkuntza ofizialak jakin beharko dituzte eta lehenengo plateretako bat, osoki, bertako produktuekin egindakoa izan beharko du». Ordutegi zabalagoa ere izango du Uztartzak: astelehenetik ostegunera 09:00etatik 00:00etara astelehenetan izan ezik, 17:00etan itxiko baitute; ostirala eta jai egun bezperetan 09:00etatik 01:00etara egongo da zabalik; larunbatetan 11:00etatik 02:00etara; eta igandeetan 10:30etik 00:00etara.

Udalak, zaharkituta geratu den aterpetxearen partean egokitzapenak egiteko asmoa du 2018an. «Ondo funtzionatzen du, herritarroi zerbitzua ematen digu eta garrantzitsua da horrelako bilgune bat izatea eta behar bezala zaintzea», esan du Amilibiak.


INBERTSIO NAGUSIAK

Txantxaenean liburutegia 100.000

Kanposantura espaloia 60.000

Edukiontzietan aldaketak 25.000

Artxiboa egokitu 25.000

Udal eraikinean moldaketak 10.000

Uztartza aterpetxean egokitzapenak 25.000

Erretiratuentzat lokala egokitu 20.000

Eskolako argiteria eta suteen aurkako sistema 10.000

Frontoiko komuneko ateak aldatu 10.000

Espaloiak konpondu, zabaldu, berritu 7.000

Oroimen historikoa 3.000

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!