Berak sortu, nahastu eta jo

Jon Miranda Labaien 2017ko urr. 11a, 11:35

Etzi aurkeztuko du Beñat Igerabidek bere bigarren diskoa Tolosako Bonberenea etxean, duela hiru urte kaleratutako lanean baino 'positiboago' dator adunarra.

Hamahiru kantuz osatutako da Geldialdi bakoitzean Beñat Igerabideren bigarren lan luzea. Indar berri bat kantuarekin zabaltzen du diskoa eta Elkar diskoetxeko arduradun Anjel Valdesen esanetan, «aurrekoarekin alderatuta disko hau presenteago dago, indartsuagoa, hurbilagoa eta pragmatikoagoa da». Bat etorri da musikari adunarra esandakoarekin eta lan berria osatzeko eraman duen prozesuak du zerikusia horretan: «Aurreko diskorako kantuak bakarrik nengoela osatu nituen, oraindik ere talderik ez nuela, eta intimistagoa zen, barrura begira egindakoa».

Hiru urte igaro dira Orbainak diskoa kaleratu zuenetik eta aitortu du ordukoak baino «talde kutsu» handiagoa duela disko berriak. Ondoan izan ditu David Etura baterian, Matthieu Haramboure baxuan, Peio Gorrotxategi teklatuan eta Gorka Urra gitarran. Lide Insausti eta Sara Azurzak ere lagundu dute ahotsekin hainbat kantutan. «Diskoa egiten joan garen heinean kontzertuak eman ditugu eta kantu berriak egin ahala taldearekin probatzeko aukera izan dut. Horrela lan egitea oso positiboa da», esan du adunarrak.

DENBORA GELDIAN

Bakarlaria da Igerabide, eta beraz, alboan dituen musikariak beste hainbat proiektuetan ere aritzen dira. Ez dute aukera izaten guztiek elkarrekin astero entseatzeko eta horrek baldintzatu du diskoaren sortze prozesua: «Gaur egun estudio batera grabatzera joatea garestia da eta ondo prestatuta eraman behar da dena, horretarako entsegu asko egin behar dira. Ez da nire kasua, nik beste denbora bat behar dut diskoa osatzeko. Emaitzarekin gustura geratu arte, behin eta berriro grabatzeko aukera izatea gustatzen zait».

Badu, gainera, horretarako modua, Adunan Sonola estudioa baitu eta bertan egin ditu, urte hasieratik, disko berriaren grabazio lanak. Doinuak sortu, hitzak idatzi eta teknikari lanak egin ditu, beraz, Igerabidek eta lan egiteko «modu integral» hori nabarmendu du Valdesek: «Lehen entzunaldian azalera etortzen dira bere inspirazioa konposatzerako momentuan, bere talentua interpretatzerako orduan eta bere zehaztasuna makinak maneiatzerakoan». Norberak bere burua grabatzea, hortaz, «pausu bat harago egitea da», Elkar diskoetxeko arduradunaren hitzetan. Subjektibitate horren barruan distantzia bat hartzea zaila egin zaiola aitortu du Igerabidek: «Momentu bat iristen da non kantuak hainbeste alditan entzuten ditudan, perspektiba galdu egiten dudala. Horretan asko lagundu dit Gorka Urrak, belarri ona du eta bere iritzia lagungarria egin zait».

Norbere etxean, lasaitasun handiagoarekin lan egiten duen belaunaldi baten barruan kokatu du Valdesek Igerabide, eta bereziki azpimarratu du «talentu berezia behar dela, doinuak sortu, hitzak jarri, kantuak grabatu eta gero interpretatzeko». Errenazimenduko gizon bezala definitu du. Adunarrak, ordea, uste du geroz eta gehiago industriak horretara bultzatzen duela sortzailea eta gaur egungo teknologia irisgarriagoa dela garai batekoa baino. Valdes: «Globalizazioaren garai ero hauetan proposamen interesgarria egiten digu Beñatek, bere kantuak entzunez jendea eroso sentitu dadin. Eta horretarako balio behar du musikak».

DOINU DANTZAGARRIAK 

Aurrena doinua sortzen ditu Igerabidek eta ondoren jartzen ditu hitzak, «behin eta berriro berridazten ditut, gustura geratu arte». Ausardiaz, kemenaz, naturaz eta maitasunaz aritu dela dio eta oro har, aurreko diskokoak baino alaiagoak» direla jaso dituen hamahiru piezak.

Pop-rockaren inguruan segitzen du musikari adunarrak, baina funk eta folk doinuekin ere esperimentatu du Geldialdi bakoitzean diskoan. «Kantu batzuk dantzagarriak dira, bereziki orain atera dugun singlea, Numinous izenekoa. Akustikoa den beste abesti bat ere jaso dugu eta esango nuke, barietate handia dagoela lan honetan».

Egindako ahaleginaren emaitza, taula gainean erakutsiko dute Igerabidek eta bere taldekideek, etzi, Tolosako Bonberenean 22:30etik aurrera. Musikari adunarrak iragarri duenez, «zuzenekoetan diskoa defendatzeko» gogoz dago. Gaua borobiltzeko, lan berria kaleratu duen Xabi San Sebastian bakarlaria ere arituko da etziko emanaldian.

 

 

'GELDIALDI BAKOITZEAN' BIGARREN DISKOA

Aurreko diskoan bezala, Aner Hernandez mutrikuarrak osatu du lanaren azala. «Oso gustura nago, ondo harrapatzen du diskoaren funtsa, gero irudian islatzeko», esan du Igerabidek.


Diskoa aurkezteko kontzertuak eskainiko ditu Beñat Igerabidek datozen asteetan.

-Urriak 13, ostirala: Tolosako Bonberenean.

-Urriak 20, ostirala: Irungo Urdanibia plazan, Mek fest jaialdian.

-Urriak 27, ostirala: Donostiako Tabakaleran.

-Azaroak 3, ostirala: Villabonako Gurea aretoan.

 

 Entzun elkarrizketa Ataria irratiko Pasahitza saioan bere abestiak zuzenean entzuteko.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!