Beñat Igerabidek bere bigarren diskoa aurkeztu du

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 6a, 12:22

Adunan duen Sonola estudioan grabatu du "Geldialdi bakoitzean" diskoa eta gaur aurkeztu du Donostian. Urriaren 13an, zuzenean aurkeztuko du Tolosako Bonberenean.

Aurreko Orbainak diskoa kaleratu eta hiru urtera plazaratu du Beñat Igerabide adunarrak lan berria. Pop-rock estiloan "eroso" aritu dela nabarmendu eta funk eta folk bezalako estiloekin ere ausartu dela aitortu du aurkezpenean. 13 abesti dira eta maitasunaz, naturaz, elkartasunaz edota ausardiaz hitz egin du, berak sortutako hitz eta doinuak uztartuz.

Intimismotik urrundu eta "kantu alaiago eta positiboagoak" jorratu ditu Geldialdi bakoitzean bigarren lan luzean. Elkar diskoetxearekin publikatu du eta egunotan kontzertuak eskainiko ditu kantuak aurkezteko. Lehena, Bonberenean emango du, urriaren 13an. Emanaldi bikoitza izango da, Xabi San Sebastianek berriki egin duen lana ere aurkeztuko baitu bertan. Ondoren, urriaren 20an Irunen, urriaren 2an Donostiako Tabakaleran eta azaroaren 3an Villabonako Gurea aretoan arituko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!