Oraindik batekin konforme ez, eta aurten ere, bi asteburuz luzatuko dituzte festak adunarrek. Txekor jate egunarekin abiatuko dira. Bazkaria tarteko, herri krosa eta sagardo dastaketa ospatuko dituzte goizean, eta Ezten giro taldearen erromeriaz gozatu ahal izango da txekorra janez afaldu aurretik eta ondoren.
Abuztuaren 12an, asteburuan sartzearekin bat, hasiko dira Ama Birjin jaiak. Txupinazoaren aurretik, ordea, oilaskoak biltzera joango dira goiztiarrenak, eguerdian, festa lehertu ondoren, jokoa egiteko. 60 urtetik gorakoen bazkaria izango da gero, eta arratsaldean, XIV. Trans-Ernio pilota txapelketako finalak jokatuko dira. Gauean, Izer eta Alabierrekin erromerian dantza egin aurretik, herri afaria egingo dute, bertsolariek girotuta.
Hurrengo egunean, kuadrillen txanda izango da, beraien ospakizun eguna. Sabela bete aurretik, The Joselontxo's txaranga ariko da herria alaitzen, baita arratsaldean egingo dituzten kuadrillen arteko jolasetan ere. Gauean, berriz, ogitartekoak banatuko dituzte, eta DJ Txispitas entzuteko aukera izango dute bertaratutakoek.
Astelehenean ospatuko dute umeen eguna eta bai goizez, baita arratsaldez ere puzgarriekin jolasteko aukera egongo da. Tartean, umeen bazkaria egingo dute, eta arratsaldean, berriz, herritarren arteko mus txapelketa. Gauean, Gabanera musika taldeak eskainiko du kontzertua.
Ama Birjin eguna, azkenerako utzi dute aurten, eta abuztuaren 15ean, asteartez, ospatuko da. Urtero bezala, txistularien dianarekin hasiko da. Ondoren izango dira meza nagusia, umeen dantza eta azeri dantza. Arratsaldean, berriz, herri kirolaei emango diete paso. Gauerako, Oinkari dantza taldearen ikuskizunaz eta hesian musika taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute adunarrek.
Ikusi hemen egitaraua.