Adunako Irizar e-mobility enpresan lehen 100 lanpostu sortuko dituzte

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 28a, 11:27

Irizar e-mobility enpresak eraikuntza berria dauka Adunan. Autobus elektrikoak egingo dituzte bertan. Curriculumak Irizarrera edo Irizar e-mobility lantegira bideratu behar dira.

Irizar taldeak jakinarazi duenez, Adunako lantegian 100 lanpostu sortuko dituzte. "Espainiako hiri nagusiek Irizar e-mobility aukeratu dute beraien elektromugikortasun proiektuak hasteko. Uztailean zehar Irizarri esleitu dizkiote Madrilerako lehen 15 autobus %100 elektrikoak, zero igorpen eta Bartzelonarako lehen 4 autobus artikulatu %100 elektrikoak, zero igorpen", azaldu dute.

"Penintsulako merkaturako 22 unitate berri horiekin Irizar e-mobility erreferente  bihurtu da zero isurpeneko autobus %100 elektrikoen merkatuan Madril, Bartzelona, Valentzia, Bilbo eta Donostian. Irizarko autobus %100 elektriko horiek hainbat hiritan dagoeneko badabiltzan beste batzuei gehituko zaizkie, adibidez Donostia, Bilbo, Bartzelona, Azuqueca de Henares (Maitours) eta Mohn-en (Bartzelona)".

Irizar e-mobility

Irizar e-mobility Irizar Taldean sortutako azken enpresa da eta elektromugikortasun irtenbide integralak ematen ditu giltza eskuan.


"Taldeko enpresa guztien ezagutza eta esperientzia batzen ditu hirietarako mugikortasun irtenbide osoak sortzeko:  Autobus %100 elektrikoak eta azpiegitura sistema nagusiak kargarako, trakziorako eta energia biltegiratzeko. Guztiak Taldearen teknologia %100 europarrarekin diseinatu eta fabrikatuak eta Irizarren zerbitzuaren berme eta kalitatearekin".


Produktuen gamaren barruan daude 10,8 eta 12 metroko hiri autobusak, autobus artikulatuak edo biartikulatuak, eta baita hirietan zerbitzua emateko beste ibilgailu elektriko batzuk ere. Irizar e-mobilityren lehen BRT (Bus Rapid Transit) unitatea, 18m-koa eta %100 elektrikoa iraunkortasun eta fidagarritasun probak amaitzen ari da bezeroen artean banatzen hasi aurretik eta urte bukaeran aurkeztuko da merkatuan.


Irizarko autobus elektrikoak 2014tik dabiltza Europako hainbat hiritan eta, beraz, gaur egun bermatu dezakegu haien kalitatea autonomiari eta fidagarritasunari dagokionez.


"Irizar Taldearen asmoa da garraio garbi eta irisgarrien erabilera bultzatzea, ingurumen, ongizate eta pertsonen osasunaren alde egiten baitute, hiri ingurune hobeak sortzeko. Kutsadura akustikoa murriztearen alde egiten du, kostuak gutxituko dituzten kontsumo baxuen alde eta zero isurpeneko ibilgailuen alde.  Gure lema, beraz, for a better life da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!