Zuberoako maskarada Aiztondon

Maskaradak herriz herri

Aiztondon, 10:00etan hasita, orduro herri banatan egin dituzte zuberoarrek barrikadak. Asteasun hasi, Alkiza, Aduna eta Zizurkildik pasa eta Larraulen amaitu dute, bazkaltzen. Arratsaldean, Larraulen bertan, maskarada jokoak egingo dituzte. 

Atzo egin zieten Asteasun harrera instituzionala eta jarraian, batera afaldu zuten. Pixka bat deskantsatu eta goizean goiz abiatu dira Pettarra eskualdeko zuberotarrak Aiztondo bailaran barrena. Errezibitzaile izan diren herriek ekimen ezberdinak prestatu dituzte barrikadarekin batera egiteko; Asteasun, bertsoak eta dantzak egin dituzte; Alkizan, sagardoaren inguruko bertsoak kantatu dituzte; Adunan, besteak beste, azeri dantza eta herriko beste zenbait ohitura erakutsi dizkiete eta bukatzeko, Zizurkilen agurra kantatu diete. 

Herri batetik bestera autobusez mugitu dira zuberotarrak. Adunako kasuan, autobusetik jaitsi orduko, suziria bota eta kalejiran egiten dute plazarako bidea. Lehenik, adunarrek egin dituzte abesti eta dantzak eta ondoren Zuberoako maskarada gorri eta beltzen txanda izan da. 

Adarra joz eta suziriak botaz hartu dituzte zuberotarrak Zizurkilgo Pedro Mari Otaño plazan. Ondoren, Alaitz Ormazabalek kantatutako agurra dantzatu diete Bukalai dantza taldeko bi dantzarik. Segidan izan da Zuberoako gazteen emanaldia. Behin emanaldia bukatuta hamaiketakoa eman diete Zimiterioan.

Zuberoatik etorri diren 57 lagunek Larraulen bazkaldu dute Aiztondoko herritarrekin batera eta ondoren eta bukatzeko, maskarada jokoak egingo dituzte, dantza, antzerki eta kantu artean. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!