Harri-jasotzailerik onenak, Adunan

Asier Imaz 2017ko apirilaren 27a

Iñaki Gorostidi aurrean, igandean lehian ariko diren harri-jasotzaileak atzean dituela. ATARIA

Gorostidi Harriaren XI. Txapelketa jokatuko da igandean, pilotalekuan, 18:00etan hasita

Bederatzi harri-jasotzaile joango dira Adunara igandean, Gorostidi Harriaren Txapelketan parte hartzera. Muxkil Elkarteak 11. aldiz antolatu du txapelketa, udalaren laguntzarekin. Aurten punta-puntako harri-jasotzaileak lotu dituzte, horien artean, Aimar Irigoien eta Jokin Eizmendi izango dira faboritoak. Guzta, Iban Ugartemendia, Joseba Ostolaza, Aimar Galarraga, Urtzi Telleria, Izeta III.a eta Izeta IV.a ere Adunako pilotalekuan izango dira. Sarrera borondatea izango da.

Harri-jasotzaile bakoitzak bi jasoaldi eman beharko dizkie bost harriri, 10 minutuko txandan. Azkarren egiten duenak jantziko du txapela.

Iñaki Gorostidik azaldu duen bezala, iaz modu honetan jokatu zen txapelketa, eta jendeari asko gustatu zitzaion. Horregatik, berriro errepikatzea erabaki dute.

Txapelketa ondoren, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrez jasotzeko aukera egongo da. Iñaki Gorostidik bere garaian 77 kilo zituela egin zuen erronka hori. Orain arte ez du inork jaso Adunan harri hori esku bakarrez, baina igandean Gorostidiren ustez bateren batek ahalegina egingo du, «neurriak hartzen ibili baitira». Erronka hori lortzen duen harri-jasotzaileak 500 euroko sari berezia eramango luke etxera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!