Txantxa-Eneako etxabeari kultur erabilera eman nahi dio udalak

Jon Miranda Labaien 2017ko mar. 22a, 13:33

Adunako Udalak 374.900 euro bideratuko ditu inbertsioetara eta kopuru horren zati bat etxabea egokitzeko baliatuko dute. Zein erabilera eman herritarrek erabakiko dute.

Andoaingo Sorabilla auzoaren eta Adunako Bentaldearen arteko errepidea zabaldu eta bidegorria egin berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erriberako lur-jabeek osatzen duten batzordeak, berriz, biribilgunea egin du eta Urtakira bitarteko bidea konpondu. Orain, Adunako Udalak asmoa du Urtakitik Uparan industrialderako bidea konpontzeko. 70.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute aurtengo aurrekontuan. «Oraingoz, zorua konpontzea baino ez dugu kontuan eduki», aipatu du Josu Amilibia alkateak.

Espaloia metro eta erdi barrurago eraman eta errepidea zabaltzea izan liteke beste irtenbide bat, modu horretara, Andoaindik datorren errepideari segida emango bailiokete. «Horrek inbertsio handiagoa eskatuko luke eta ondo begiratu beharko litzateke zein aukera dugun obra egiteko. Aurrerantzean egingo ditugun bileretan aztertuko dugu herritarrekin». Alkateak aitortu du errepidearen egoera txarra dela: «Euria egiten duenean putzuak sortzen dira eta espaloia puskatuta dago. Gainera, errepide egin berritik zatozela nabarmenago geratzen da konpondu beharra».

DIRU ITURRI PROPIOAK

Otsailaren 16an egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuen Adunako Udalak 1.189.360 euroko aurrekontua. Iaz baino ia 200.000 euro gehiago dira. «Neurri handi batean, Eraikuntza, Instalazio eta Obren Gaineko Zergagatik (EIOZ) da. Herrian obra handiren bat edo pabiloi bat eraikitzen denean, zerga bat kobratzen du udalak. Urte batzuetan, bestetan baino sarrera handiagoak izaten ditugu eta 2016an, adibidez, Irizarren lantegia eta industrialde berria eraikitzeko lanak egin dira. Horrek inbertsioak egiteko aukera inportantea ematen digu».

Tamaina bereko beste herriekin alderatuta industrialde handia du Adunak eta nabari da hori udaleko diru sarreretan. Hala ere, argi utzi nahi izan du Amilibiak hain gune zabala kudeatu beharrak gastuak igotzen dituela herrian: «Pertsonal gastuak handiak dira. Administrazioan jende gehiago behar dugu, aholkularitza juridikorako ere diru bat gorde behar izaten dugu eta industrialdeen mantenurako bi aguazil ditugu. Hori ez da ohikoa izaten herri txikietan».

«Zorionez» diru iturri propioak dituzte herrian eta horrek txikitu egiten du foru funtsarekiko dependentzia, «aurrekontu osoaren herena» suposatzen baitu Adunan. Hala ere, diru kontuak zuhurtziaz kudeatzen saiatzen dira herrian: «Nahiz eta diru laguntza eskaerak egin, jaso arte ez ditugu kontenplatzen aurrekontuan eta behin likidazioa eginda, kreditu aldaketak eginez proiektu gehiago gauzatzeko aukera izaten dugu». Ahalegin horren lekuko, udal kontuak onbideratuta edukitzeko ardura. Egun, %10ekoa da Adunak duen zorpetze tasa eta iaz, ahalegin berezia egin zuten zorra %68an jaisteko. 112.000 euroan dago gaur egun.

Gastu horiekin batera Adunako Udalak, beste hainbat eragile eta elkarteren jarduna babesten du diruz. «Euskara eta euskal nortasuna bultzatzen duten eragileekiko konpromisoa agertzen dugu; Adibidez, Gaindegia, Korrika, Kilometroak, Gure Esku Dago edo tokiko euskarazko hedabideei egiten diegu ekarpena». Kide den beste hainbat mankomunitateetako kuota ordaintzen du, baita ere, udalak. Amilibiak azaldu duenez, «herrian bideratzen diren gizarte, kirol eta kultur arloko hainbat jarduera, neurri handian, udalak finantzatzen ditu. Eskolaz kanpoko ekitaldiak %30-60 artean laguntzen ditugu eta Olaederra kiroldegiko kuota ere zati batean guk ordaintzen dugu, adunarrek ez dezaten billabonatarrek baino gehiago pagatu».

TXANTXA-ENEAREN ERABILERA

Geratzen den diru kopurua, 374.900 euro, inbertsio errealetara bideratuko dute Adunan. Eskolako eta pilotalekuko teilatuan konponketak egingo dituzte eta udaletxean ere aldaketak egin eta artxiboa egokituko dute 2017an. Zubitxiki industriagunean eta herri gunean, argiteria aldatuko dute eta Amalkor kalean konpostaje txabola jarriko dute.

2016ko abenduan Txantxa-Eneako etxabea erosi zuen Adunako Udalak. «Erabilera kulturala eman nahi genioke lokal horri, toki aproposean baitago. Hala ere, aurrena herritarrekin hitz egingo dugu, zein erabilera eman diezaiokegun erabakitzeko», esan du alkateak. Aurten, aurrekontuan 100.000 euro gorde dituzte etxabea egokitzeko.

Printzipioz, udalak 2017an egin asmo dituen inbertsioak dira horiek. Epe luzera ere baditu beste proiektu batzuk alkateak zehaztu duenez: «Hilerriraino espaloia luzatzea, led argiteria oraindik gehiago zabaltzea, Uztartzako aparkalekuko belazean aisialdirako gune bat egitea edo Andoaingo jaitsieran, Zubitxiki industriaguneraino bidea egokitzea». Hurrengo hilabeteetan antolatuko diren herri batzarretan proposamen berriak egin eta dauden proiektuak lehenesten joango dira adunarrak.

 

INBERTSIO NAGUSIAK

INBERTSIOA KOPURUA

Urtakitik Uparan bitarteko bidea konpontzea 70.000

Eskolako teilatuaren zati bat konpondu 12.000

Frontoiako teilatua berritu 60.000

Txantxa-Eneako etxabea kultur erabilerako egokitu 100.000

Udaletxean dagoen artxiboa moldatu 15.000

Zubitxiki poligonoan led argiteria jarri 10.000

Plaza eta eskola inguruan led argiteria jarri 12.000

Amalkor kalean konpostajerako txabola 6.000

 

1.189.360: 2017KO AURREKONTUA ADUNAN

Sarrerak.

-Zuzeneko zergak: 415.950.

-Zeharkako zergak: 25.000.

-Tasak eta bestelako sarrerak: 58.650.

-Transferentzia arruntak: 372.800.

-Ondare sarrerak: 8.760.

-Kapital transferentziak: 2.200.

Gastuak.

-Pertsonal gastuak: 308.950.

-Zerbitzu eta ondasunak: 251.480.

-Finantza pasiboen interesak: 1.000.

-Transferentzia arruntak: 178.250.

-Kreditu globala: 52.780.

-Inbertsio errealak: 374.900.

-Finantza pasiboak: 25.000.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!