Unipapeleko langileentzat irtenbide duina eskatu dute

Ataria 2017ko urt. 12a, 14:08

Gaur, 11:00etan, Adunako lantegiaren atarian egin duten elkarretaratzearekin bizi duten egoera salatu dute.

Konkurtso-administratzaileak lehenbailehen enpresa likidatzeko erabakia har dezala. «Zoritxarrez» hori da ELAko langile ordezkari Aurora Berasategik eta LABeko Pello de la Cruzek ikusten duten irtenbide duin bakarra, ia urtebeteko borrokaren ondoren. «Honenbestez langileek Unipapelekin duten lotura eten, kalte ordainak jaso eta lan munduan barneratzeko aukera izango dugu, sufrikarioa amaituz».

Joan den uztailaren 21etik aldi baterako erregulazio espediente batekin (ERTE) daude Unipapeleko langileak. Alegia, enpresako enplegatu izaten segitzen dute, baina lanaldiaren %100 etenda. ERTEa uztailan onartu zen arren, bi hileko atzerapenez jasotzen dute geroztik langabezi saria.

Orain arte izan da hori. CCOO sindikatuak, urrian, auzitara eraman baitzuen ERTEa eta azaroan Espainiako Auzitegi Nazionalak epaia atera zuen espedientea baliogabe utziz. «Iruzurrezkotzat hartzen du auzitegiak, kontratuak etetearen atzean soldatak ordaintzeari uzteko intentzioa ikusten du, gastu horiek Sepe, Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren gain utziz. Gainera, Unipapeli agintzen dio berriz ere hiru lantegiak martxan jartzeko eta guri azken hilabete hauetako soldatak ordaintzeko». Oraindik kalean jarraitzen dute, ordea, eta Aduna, Logroño eta Madrilgo plantak itxita daude. Izan ere, Unipapel kiebra egoeran dago eta ez du gastu horri aurre egiteko adina dirurik.

2013ko abenduan Adveok Springwaterri saldu zizkion Unipapelen hiru lantegiak eta sindikatuek ERTEa auzitara eramatearekin batera, salmenta hori iruzurrezkotzat jotzea ere eskatu zuten. Zati horretan epaiak ez zien arrazoirik eman langileei, baina sindikatuek helegitea jarria dute Auzitegi Nagusian Adveo eta Springwater «erantzule» izendatu ditzaten. «Azaroan emandako epai horretan, Emilia Ruiz Jarabo magistratuak boto partikularra eman du esanez, Springwater inbertsio funtsak bere erantzukizuna ekiditeko ingeniaritza finantzieroa erabili duela», esan du de la Cruzek.

Baina bitarte honetan, kezkatuta daude Adunako langileak. Beldur dira sententzia exekutatuz gero ez ote diren, urtarriletik aurrera, ordainsaririk gabe geratuko. «ERTEa baliogabea dela esaten duen epaia hartu dezake argudiotzat SEPEk guri langabezi saria ez ordaintzeko eta Unipapelek guri pagatzeko dirurik ez duela argudiatu dezake, beraz linbo batean geratuko gara dirurik jaso gabe».

Aurretik zor dizkieten 12 nominen zakura gehituko da diru kopuru hori. «Inbertsio funtseko buru Martin Grushkak, Adveoren laguntzarekin, Unipapel hondamendira eraman du eta langileon nominak ordaintzeko likidotasunik ez du», Berasategiren esanetan. Jarduteko era hori Espainiako beste hainbat enpresetan eraman du Suitzako inbertsio funtsak langile ordezkarien iritziz: «Pullmantur, Miró, Peggy Sue, Imtech... bezalakoetan berdin jokatu du. Enpresa erosi eta lehenengo gizarte segurantzarekin egin du zorra, ondoren hornitzaileekin eta azkenean langileekin».

AURRETIK DATORREN IRUZURRA

Susmo txarra hartua dute Unipapeleko langileek: «Duela hiru urte Adveok hiru lantegien produkzioa Springwaterri saldu zionean helburu batekin egin zuen, langileen gastua gainetik kentzeko. Tamalez, lortu dute». Adveok jarraitzen du papergintzako produktuak merkaturatzen baina produkzioa bera ez zaiola interesatzen uste dute Berasategik eta De la Cruzek. «Beste herrialde batzuetan merkeago erosi eta hemen prezio berean saldu nahi dute, bertako langileoi zor zaigunaren kontura».

Hartzekodunen lehiaketan sartu da enpresa eta administratzaile bat izendatu zuten joan den abendu hasieran. Hark aztertuko du Unipapeleko hiru lantegietako bideragarritasuna eta papergintzaren sektorera dedikatzen den enpresaren etorkizuna. Esperantza gutxi dute Adunako langileek, «administratzaileak ere esana du pauso guztiek enpresa kitatzera bideratuta daudela». Lehenbailehen egitea eskatzen dute, beraz, amesgaiztoarekin behingoz bukatu ahal izateko.

Fogasa, Soldatak bermatzeko funtsetik jasoko dituzten kalte ordainek ez dute berdinduko, «inondik inora» zor dietena. «Hamabi lansari zor zaizkigun arren, gehienera 6.000 euro jasoko ditugu eta berdin izango dio enpresa honetan urtebetez, hamabiz edo 40 urtez lan egin izana. Antzinatasunagatik eta zor digutenagatik, gehienez 24.000 euro jasoko ditugu».

Zor dieten hori guztia itzultzea eskatzen dute Adunako plantako 80 langile inguruk eta behingoz, irtenbide duina ematea euren egoerari. Horretarako elkarretaratzea egingo dute gaur, 11:00etan, Adunako Unipapeleko lantegi atarian eta jendeari bat egiteko eskatu diote.

Atzera-aurrera gabeko egoera batean aurkitzen dira langileak administratzaile konkurtsalak zer erabakiko eta ERTEaren baliogabetuz Auzitegi Nazionalak ateratako epaia errekurrituz, Auzitegi Gorenak zer esango. «Garaipen handia izango litzateke lortuko bagenu, Springwater funtsa putre horrek ardura hartzea eta talde osoa egitea gure zorraren arduradun. Ez genuke langileok babes gabetasun eta inpunitate egoera hau biziko».

Aldi berean, administrazioek izandako jarrera salatu dute langile ordezkariek: «Beste behin ere ez baitute inongo interesik azaldu enpresaren eta langileen etorkizuna bermatuko lukeen irtenbide bat bilatzen», esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!