Lehen proposamenean Springwater inbertsio funtsak 17 kaleratze eta gainerako langileentzat aldi baterako erregulazio espedientea proposatu bazuen ere, kontsulta epea adostasunik gabe amaitu ondoren, langile guztiak aldi baterako bidali ditu langabeziara. Pello de la Cruz, LAB sindikatuko delegatuak nabarmendu duenez, "produkzioa gelditzea erabaki dute orain, nahiz eta aspaldi gauden geldirik eta gutxienez hurrengo hiru hilabeteetan erregimen berezi hori aplikatuko digute: langile guztiak langabeziara goaz". Epe hori agortu eta espedientea datorren urteko uztaila arte luzatuko dutela uste dute Adunako langileek.
"Bi-hiru urte hauetan zor handia egin dute eta patata beroa eskutik kendu nahi dute. Erosle edo inbertsore bat agertzen zaien unean hauek prest egongo dira enpresa saltzeko, nahiz hiru plantak likidatzeko izan", dio De la Cruzek. LABeko ordezkariak aipatzen duen zorraren zati bat, langileekin du enpresak: "Lau nomina zor dizkigute eta orain, udako aparteko saria jasotzea dagokigu. Guztira bost paga izango dira gutako bakoitzarekin zorretan izango dituztenak".
Adunako langileetako askok egoera larria bizi dutela salatu dute sindikatuetako ordezkariek. "Etxe askotan bost hilabetez ez da inolako sarrerarik egon eta egoera dramatikoak bizi izan dira. Jendea lantokira etorri da eta ez du ez lanik ezta dirurik ikusi". Uztailetik aurrera, langabezia saria jaso ahal izatea gehienentzat "arnasa hartzea" izango dela aitortu dute.
Langileak haserre
Nekagarriak izan dira azkeneko hiru hilabeteak Adunako langileentzat. Negoziazioek ez dute emaitzarik eman eta "etsigarria" izan da enpresa jabeen jarrera. "Springwater eta Adveok egin zuten akordioak hondamendira ekarri gaitu. Guk ez dugu batere esperantzarik jende horrekin. Esaten dutena esanda ere ez diegu sinistuko".
Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin gidaritzapean, Adunako lantegiak duen bideragarritasuna aztertzen jardun dute azken asteetan eta lehen harremanak hasi dituzte interesa izan dezaketen ekoizle eta inbertsoreekin. "Ez dago jakiterik zein emaitza emango duen bide horrek, baina instituzioak tarteko badira, berme gehiago izango dugu langileek. Unipapelen ardura hartuko lukeenak konpromiso batzuk hartu beharko lituzkeelako".
Egungo jabeak, Springwater inbertsio funtsak, enpresa lehiaketara aterako balu prozesua hilabeteetan luzatu daitekeela uste dute Adunako langileek. "Gure ustez, ahalik eta azkarren bilatu behar zaio alternatiba lantegiari, bezeroak erabat galdu baino lehen eta bertan aritzen ginen langileek alde egin aurretik". Sinistuta daude paperaren transformazioaz arduratzen den enpresa bideragarria dela eta Adunako fabrikak etorkizuna baduela: "orain arte lana izan dugu, marka propioa dugu, bezeroak baditugu. Orain kudeaketa arduratsu bat behar dugu Unipapel aurrera ateratzeko".