Udako solstizio jaia Adunan

Ataria 2016ko ekainaren 20a

Herri batzarraren ostean, 19:30ean hasiko da, udako solstizioa ospatzeko jaia ostegunean, San Joan bezperan.

Adunako Euskararen Aldeko Taldetik eskerrak eman nahi dizkiete maiatzaren 22an eguraldia kontra izanik ere, lip dub-aren grabaketan parte hartu zuten eta lagundu zuten adunar guztiei. "Ea, beste batzuen artean, ekimen honi esker hemendik aurrera Adunan, euskararen normalizazioan aurrera pauso bat ematen dugun eta herrian euskararen erabilera guztion artean bermatzen dugun", esan dute taldetik. 

San Joan bezpera baliatu nahi dute dagoeneko eskuartean duten grabaketa argitara emateko. Kultur aretoan botako dute lib dub-aren grabazioa, 19:30ean hasita. Ikus-entzunezkoa ikusteaz gainera, paraleloki egin ziren argazkiak eta ipuina ikusgai izango dira.

Emanaldiaren ondoren, San Joan sua piztera hurbilduko dira herritarrak kalejiran, Uztartza ondoko aparkalekura. "Bertan euskararekiko dauzkagun mamuak izango ditugu eta norberak bere burua identifikatzen duen mamua bota ahal izango du suak erre dezan". Euskararen Aldeko Taldeak, esan duenez, bitartean "Euskaratxo maitasunez elikatzen jarraituko dugu".

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!