Unipapel enpresako langileek greba bertan behera uztea erabaki dute gaur egindako batzarrean. «Gatazkari amaiera eman bitartean guk lanean jarraitu nahi dugu, gizarte segurantzan kotizatu eta gurekiko zorra egin dezala enpresak», dio langileen ordezkari, Pello De la Cruzek. «Azken asteotan egin dugun grebak bere emaitzak eman ditu eta oihartzuna lortu dugu jendartean, baina negoziazio epea bukatzeko geratzen diren egun hauetan, lanera agertuko gara, nahiz eta zer eginik ez eduki».
Atzo egin zuten Burgosen kontsulta epearen barruko laugarren bilera eta negoziazio bide bat zabaldu dela aitortu dute langile ordezkariek. «Bi lan sari kobratu, kaleratzeak bertan behera utzi eta langile guztiak aldi baterako –sei hilabete– erregulazio espedientean sartzea da orain mahai gainean dagoen proposamena». Aduna eta Logroñoko plantako langileak bide hori jorratzearen aldekoak dira eta Madrilgoak, aldiz, negoziazio horretan sartu edo ez erabakiko dute egunotan. Dena dela, hurrengo astelehenean, ekainak 20, Burgosen izango dute hurrengo hitzordua.
Egun gutxi dituzte negoziaketarako Unipapeleko langileek. Kontsulta epea ekainaren 24an bukatzen da. «Ez dakit akordioa lortuko dugun edo ez», dio De la Cruzek, «baina proposamen honekin sei hilabeteko arnasa izango genuke. Langabezi saria jaso eta inork alde egiteko erabakia hartuko balu, kalte ordaina jasotzeko bermea izango luke».
Hasiera batean, proposamenari aurre egiteko nahikoa diru ez dutela jakinarazi zuten enpresa buruek astearteko bileran, «baina Adunako biltegian nahikoa material badago guri bi soldata ordaintzeko. Ziurtatu nahi dugu diru hori langileon sariak ordaintzeko erabiliko dela eta ez beste ezertarako».
Beste bideen bila
Springwater inbertsio funtsa da gaur egun Unipapeleko hiru lantegien jabea eta «haiekin lotura guztiak hautsi» eta bere bideari ekin nahi diote Adunako langileek. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremana abiatu dute eta bideragarritasun plan bat osatu ondoren, inbertsore eta erosle berrien bila abiatu nahi dute. «Erakundeek orain arte errentagarria izan den enpresa bat ezin dute horrela alperrik galtzen utzi». Egungo jabeekin adostasunera iritsiko balira, Adunako langileek urte amaiera arteko epea izango lukete orain arteko jardunari alternatiba bat bilatzeko.