Marian Beitialarrangoitia: "Industriaren aldeko eta etorkizunerako apustu sendorik ez dago ez Madrilen eta ez Gasteizen"

Tolosaldeko Ataria 2016ko eka. 15a, 13:22

EH Bilduko hautagaiak, enpresetako ordezkariak eta Josu Amilibia, Adunako plazan.

Espainiako Kongresurako hauteskundeetarako EH Bilduko hautagaiak Adunan elkartu dira gaur lan-gatazketan dauden zenbait enpresetako langileen ordezkariekin, tartean Adunako Unipapel enpresakoekin. Bileran ere Josu Amilibia Adunako alkatea izan da.

Aitzol Cajaravillek –EH Bilduko hirugarren hautagaia Gipuzkoatik, LAB sindikatuko ordezkaria eta Arcelor Zumarragako enpresa batzordeko kidea– azaldu duenez, "egunero argi eta garbi uzten digute multinazionalek Euskal Herriko langileak eta bere familiak kolokan uzten dituztela. Tamalez Madriletik eta Eusko Jaurlaritzatik beste aldera begiratzen dute, eta ez dute soluziorik ematen kasu honetan".

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak esan duenez, "gogora ekarri nahi dugu gaur langile bat hil dela Abanton, eta horrek erakusten du egiten ez den politikaren ondoriorik latzenak, kasu guztietan, langilegoak pairatzen dituela. Batzuetan bere lanpostuak galduz, beste batzuetan bere bizitza jokoan jarriz, eta gaurko kasuan bezala, bidean bizitza hori utziz". Beitialarrangoitiak gaineratu duenez, "langilegoaren alde asko dago egiteko, beraiek direlako herri honetan aberastasuna sortzen dutenak. Baina tamalez aberastasuna beste batzuk eramaten dute".

EH Bilduko zerrendaburuak esan duenez, "industriaren aldeko eta etorkizunerako apustu sendorik ez dago ez Madrilen eta ez Gasteizen". Bere ustez, "tamalez beste era bateko etorkizunean jartzen dute eta gaur egun ere beste parametro batzuetan jartzen dute indarra: zerbitzuetan, eraikuntzan, obra handietan...".  Pasaiako Portuari buruzko azken albistea ekarri du gogora Beitialarrangoitiak: "Pasaian ikusten ari garenez, eta ea ikerketak zer ekartzen duen, sobrekostu handiekin egin da politika hori: batzuk sobreekin geratzen dira eta beste batzuk kostuekin geratzen gara. Egoera hori irauli egin behar da eta beste politika batzuk egin behar dira".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!