«Ia ez dugu aurrerapenik egin; joan ginen bezala itzuli gara Adunara, ia informaziorik gabe». Atzo izan zuten Unipapeleko hiru lantegietako ordezkariek kontsulta epearen baitako hirugarren bilera Madrilen eta esku hutsik itzuli dira Pello de la Cruz, LAB sindikatuko langile ordezkariaren esanetan.
Maiatzaren 27an merkataritza arloko epaitegi batean hartzekodunen lehiaketa aurkeztu zuten enpresa jabeek eta handik astebetera iritsi zitzaien informazioa langileei. «Idatzi teknikoa da guk jaso duguna, non esaten den borondatezko konkurtso batean sartzen direla. Baina atxikitako dokumentu asko falta dira». Horiek eskuratu nahian gerturatu ziren atzo Madrilera, baina gabe itzuli dira. «Mila kilometro egin ditugu, alfer-alferrik».
Ekainaren 24an amaitzen da negoziazio epea, eta oraingoz, hiru bilera besterik ez dituzte egin. «Adunara etorri zirenean izan ziren liskarrak aitzakia bezala jarri eta orain, segurtasun falta argudiatuta, Madrilgo hotel batean deitzen dituzte bilera guztiak. Akaso harako joan-etorrietan ez al da langileon segurtasuna arriskuan jartzen?» galdetu du Aurora Berasategi, ELAko langile ordezkariak.
Datorren astearterako deitu du enpresa jabeak hurrengo bilera, baina Unipapeleko hiru lantegietako ordezkariek tarteko toki batean egitea eskatu dute; «bestela ez gara joango».
Ostiralean, 12:00etan, Tolosan egin asmo duten manifestaziorako atxikimenduak ere bildu dituzte eskualdean.
LANGILEEK BEREN BIDEA
Hamazazpi langile bota eta gainerakoak aldi baterako erregulazioan utziko dituela iragarri zuen maiatzean Springwaterrek. «Guk, ordea, badakigu Unipapel ixtea dela haien intentzioa», dio De la Cruzek.
Horregatik bi agertokitan planteatzen dute langileek borroka: «Alde batetik saiatuko gara inbertsio funtsaren atzaparretatik askatzen eta gurekiko likidazioa ahalik eta modu egokienean ematen. Bestetik, hasiak gara Foru Aldundiarekin harremanetan. Badakigu enpresa bideragarria dela eta Unipapeli soluzio bat aurkitu behar zaiola uste dugu». Plan bat osatzeko konpromisoa hartu du Aldundiak, dagoeneko. «Gero ikusiko da, inbertsore edo erosleren bat agertzen den».