Irizarrek lantegia bukatzerako, Sorabilla eta Aduna arteko errepidea zabalduko du Aldundiak

Tolosaldeko Ataria 2016ko eka. 3a, 14:54

Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bat euro bideratuko ditu Sorabilla-Aduna errepidea hobetu eta bidegorria zabaltzera. Lanak urte bukaerarako amaituta egongo dira.

Markel Olano Diputatu Nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak GI-3610 errepidean egingo diren hobekuntzak aurkeztu dituzte gaur Adunan. “Ekonomiaren susperraldia finkatzea da gobernu honen lehentasun nagusia. Kasu honetan, Diputazioak gure lurraldean apustuak egiten ari diren enpresei lagundu nahi die” adierazi du proiektuaren aurkezpenean Markel Olano Diputatu Nagusiak.

GI-3610 errepidearen ondoan Irizar taldea hirirako autobus erabat elektrikoak egingo dituen fabrika berri bat eraikitzen ari da eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak azaldu duenez “Irizarrek enpresa berria zabaltzen duenean trafiko astuna asko handituko dela aurreikusten da, enpresa berriak behar berriak izango baititu. Azpiegitura honen hobetzea onuragarria izango da ez soilik enpresarentzat, inguruko lantegi eta biztanleentzat ere bai. Izan ere, egungo bidea estuegia da jarduera ekonomiko berri horretarako”. “Gure lurraldeko ekonomia suspertzen laguntzea bide azpiegiturak jartzea ere bada” gehitu du Oiarbide diputatuak. Bide Azpiegitura diputatuak azpimarratu du Irizar taldeko arduradunekin batera egin dela proiektu honen egokitzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bat euro bideratuko du inguruko enpresa jarduera erraztuko duen Sorabilla-Aduna errepidea hobetzera. Sorabillako bide guretzean hasi eta Amundo baserriaren inguruan egingo den biribilgunea bitartean, GI-3610 errepidea zabaldu eta hobetu egingo da. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Sorabillako bide-gorria luzatuko du.

Urte amaieran aurreikusten du Irizarrek fabrika berria zabaltzea eta data horretarako azpiegiturak hobetuko dituen lanak amaituta egongo dira. Prentsaurrekoan, Jose Manuel Orcasitas, Irizar Taldeko zuzendari nagusiak hitz egin du. Eskerrak eman dizkie foru aldundiko ordezkariei egindako hitzengatik eta lantegia eraikitzeko eta planta martxan jarri ahal izateko egiten ari diren azpiegitura lanak martxa onean eta parez pare doazela azpimarratu du. 

Orcasitasen esanetan, "Irizar Taldeak, 2009an teknologiaren aldeko apustua egin zuen eta elektro-mugikortasunaren alorrean emandako urrats garrantzitsua izango da Adunan eraikiko den planta". Lantoki berri honekin autobus elektrikoen alde egindako apustua indartu nahi du Ormaiztegiko kooperatibak. 40 mila metro koadro dituen lur eremuan eraikitzen ari dira eta "etorkizunean, eguneko hiru unitate sortzeko gaitasuna izango du".

Kalitate eta teknologia eskatzen duten herrialdeen beharretara egokitu nahi du Irizar Taldeak Adunan eraikiko duen lantegiarekin. "Dagoeneko Europako hainbat herritan, elektro-mugikortasunaren aldeko politikak onartuak dituzte eta datozen hiru-bost urteetan garapen izugarria emango da arlo honetan. Aurrekontuetan partidak zehaztu ahala, merkatua asko haziko da eta Irizar Taldea gai izango da eskaerari erantzuteko", aipatu du Orcasitasek.

Ingurunearekiko erreferentzia egin du Irizar Taldeko zuzendari nagusiak. "Paraje paregabean egongo da lantegia kokatua eta gure helburua bertan kalitatezko enplegua sortzea da". Zuzenekoak eta zeharkakoak aintzat hartuta "kalitatezko 500 lanpostu inguru sortuko dira", Orcasitasek gehitu duenez. Agerraldia amaituta, zuzendari nagusiak lantegi berriaren obrak erakutsi dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!