Unipapel

Hiru eguneko greba abiatu dute Unipapel enpresako langileek

Mikel Iraola 2016ko eka. 1a, 16:17

Argazkia: Imanol Garcia Landa

Zuzendaritzarekin gaur biltzekotan zen enpresa-batzordea, baina bertan behera geratu da bilera hori. Informazioa "ezkutatzen" dabiltzala salatu dute langileek. Datozen egunetarako mobilizazio gehiago aurreikusi dituzte.

Gaurtik astelehenera arte, gutxienez, greban izango dira Unipapeleko langileak. Egunerokoan bizi duten egoerak behartuta, adostasunera iritsi dira ELA eta LAB. Izan ere, Aurora Berasategi, ELAko ordezkariaren, eta LABeko Pello De la Cruzen esanetan, "zentzugabekeria" zen lanean jarraitzea.

"Hornitzaileek materiala ekartzeari utzi zioten, eta lanorduak eskuak gurutzatuta pasatzen genituen. Jendea urduritzen hasia zen, eta zuzendaritzaren jarrera ikusita, onena dela uste dugu", diote. 

Langileek salatu dutenez, ez dute inolako informaziorik: "Enplegu-Erregulazioko Espedientea zabalduko zuela esan ziguten lehenengo; gero hartzekodunen konkurtsoaren aurrekoa egin zutela zioten; Adunan egindako azken bileran esan ziguten hartzekodunen konkurtsoa egitea eskatu zutela". Zein motatako konkurtsoa izango den, ordea, ez dakite. "Ez digute ezer esan".

De la Cruz eta Berasategiren ustez, jarrera horrek erakusten du orain artekoak ez duela ezertarako balio izan: "Egin dutena da denbora irabazi, konkurtsoan sartzeko. Gezurrekin jokatu dute, gainera. Hasieratik argi zuten nola amaituko zen".

Logroñon zuzendaritza batzordearekin biltzekoak ziren gaur, baina zuzendaritzak Madrilera mugitu du bilera. Horren aurrean, enpresa-batzordea osatzen duten kideek ez joatea adostu dute: "Pasa den astean Adunako istiluak ikusita, segurtasunaren aitzakia jarri dute, baina esan diegu informazioa jasotzeko soilik bada, ez garela Madrileraino joango. Horretarako badituzte gure helbide elektronikoak. Gainera, adostua genuen laugarren bileratik aurrera, erdibidean egitea: Lerma edo Burgos inguruan". 

Gelditzen zaizkien bide guztiak jorratuko dituztela nabarmendu dute bi sindikatuetako ordezkariek. "Ez dugu sinetsi nahi hemengo autoritateek, bideragarria den enpresa bat hiltzen utziko dutenik. Esperantza dugu, ea Eusko Jaurlaritzak edo Foru Aldundiak erosleren bat topatzen duen. Izan ere, funtzionamendu normal batean, ez ginateke inondik inora egoera honetan egongo. Arazoa da baten batek erabaki duela diru guztia hartu, eta beste norabait eramatea". 

Bien bitartean, mobilizatzen jarraituko dute. Bihar Tolosaldea Garatzenekin bilera egingo dute; ostiralean, berriz, manifestazioa egingo dute, eta larunbatean San Frantzisko pasealekuan protestan izango dira. Greban jarraitu edo ez, astelehenean egingo duten batzarrean erabakiko dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!