Unipapel

Hamazazpi langile kaleratuko dituzte Unipapeletik

Ataria 2016ko mai. 24a, 16:59

Gaur hasi dute, ofizialki, kontsulta epea eta Springwater Capital inbertsio funtseko arduradunak oihu artean hartu dituzte Adunan. 17 kaleratze eta gainerakoei aldi baterako dosierra jartzeko proposamenak, ez diela konponbiderik ekartzen uste dute Unipapeleko langileek.

"Lapurrak", "lotsagabeak" eta "koldarrak". Langileek hitz horiekin hartu dituzte enpresa buruak Adunako fabrika sarreran. 12:30ean oihu eta zarata artean sartu dira negoziazio epearen barruan egin duten lehen bilerara. Nabari da tentsioa Unipapeleko langileen artean eta haserrea adierazi diete, euren esanetan, "egoera honen errudun direnei". Soinean jantzita eraman duten kamisetak ere islatzen du animo beroa: "Eh, lapurtzea oso gaizki dago, baina lapurtu ahal izateko akabatzea are okerrago. Likidatzaileok, ez jolastu gure seme-alaben etorkizunarekin".

Guztira, 109 lagun botako dituzte Unipapeletik. Madrilen, 79; Adunan, hamazazpi; eta Logroñon, beste hamahiru. Aldi baterako erregulazioa aplikatuko diete gainontzeko langileei.

Aurreko ostegunean, hilaren 19an, egin zuten lehen bilera Springwater inbertsio funtsaren eta hiru lantegietako langileen ordezkarien artean. Kaleratzeak jakinarazi eta enpresak aurkeztutako txostenen artean, ez da inongo baliabide planik agertzen. "Ondorioz, ez dakigu, aldi baterako erregulazioan geratuko garen langileontzat itxaropenik egongo den edo ez", argitu dute ordezkariek.

"Erabateko ezjakintasuna" bizi dutela aipatu dute Adunako langileko beharginek. "Enpresa konkurtso aurreko egoeran dago. Hartzekodun nagusiarekin negoziazioetan ari direla esan digute gaur eta aste honetan bilera garrantzitsu bat dutela. Ez dakigu negoziazioak bukaera zoriontsua izango duen ala ez eta ez dugu baztertzen, hemendik gutxira, hartzekodunen lehiaketa batean sartuko gaituztenik".

Kaleratzeak eta behin-behineko dosierrak aldi berean ezin direla negoziatu uste dute langileek eta horregatik, bi negoziazio bereiz ditzatela eskatu diete enpresa buruei gaurko bileran. Hala ere, "orain kaleratzen ez duten langilea, laster botako dute, erabakia hartuta baitago aspalditik", dio Pello de la Cruz LABeko delegatuak. Hala ere, enpresarentzat zein asmo dituzten jakiteko bideragarritasun plan bat aurkeztea eskatu diete jabeei. Leire Gallego, Adunako langileen eta ELAren izenean bileran parte hartu duen abokatuak esan duenez, "aurreko asteko bileran eman ziguten dokumentazioan uste genuen bideragarritasun plan bat agertuko zela baina ez ziguten luzatu. Beraz, enpresak etorkizunerako zein asmo dauzkan jakiteko gaur exijitu diegu zerbait aurkezteko. Printzipioz ez dugu uste intentzio handirik dutenik, zein plan aurkeztu ere ez dakitelako".

Bien bitartean, hiru hilabete daramate langileek dirurik kobratu gabe. Duela gutxi jakin dute, Gizarte Segurantzan izena emanda egon direla, baina kotizatu gabe lan egin dutela. Enpresa jabeak, haiekiko zorra egiteaz gainera, hornitzaileekin ere egin du zuloa. "Gaur egun erabat geldituta gaude. Lanera etorri eta besoak gurutzatuta ematen ditugu zortzi ordu". Bezero nagusi zuten Carrefour ere galdu dute, berriki.

"Enpresak, diru falta jarri du aitzakia bezala eta ordaintzeko inongo asmorik ez duela jakinarazi zigun aurreko astean". Adunako langileen batzarrak ez ditu arrazoi horiek onartzen eta Springwater Captial inbertsio funtsak bultzatutako egoera bat dela uste du, "enpresa erosi zuenetik, ez baitu euro bat bera ere inbertitu".

Enpresak mahai gainean jarri duen proposamena ikusi eta langileentzat etorkizunik bermatzen ez duela ikusita, "langileon borroka jarriko dugu lehentasun bezala. Geure bideari ekiteko ordua iritsi da. Ez dugu mobilizazioak baztertzen aurrera begira. Ez da ezer alboratuko eta langileen batzarrak erabakiko du, greba mugagabea hasi edo zein borroka molde abiatu". Bihar, asteazkena, eguerdian egingo dute batzarra Adunako Unipapeleko langileek.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!