Euskararen aldeko lipdub-a grabatuko dute igandean

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 18a, 10:29

Igandean, 11:00etatik aurrera egingo dituzte ekimenak, "ArdurADUNA naiz... herri euskalduna" lelopean.

Adunako Euskararen Aldeko Taldea duela urtebete inguru sortu zen. Talde zabala da, mota guztietako herritarrez osatua, eta bertan parte hartu nahi duten guztiei irekia. Talde horretako kideak kezkatuta zeuden Adunan euskara atzera egiten ari zela sumatzen zutelako. "Gure errezeloa benetakoa zela ikusi genuen, Soziolinguistika Clusterra elkarteak Adunako euskararen erabilera neurtu zuenean: Adunako herrigunean, helduak umeak aurrean eduki gabe hizketan aritzean, % 50ekoa zen euskararen erabilera; hau da, bi elkarrizketatik bat gaztelaniaz izaten ziren".

Taldearen helburua da Adunan euskararen erabilera handitzea, Adunako berezko hizkuntzari eusteko, eta etorkizuneko belaunaldiek ere euskara erabiltzen jarraitzeko. "Izan ere, Adunan euskarak iraun badu, gure aurrekoek eta guk erabili izan dugulako izan da, eta gure ondorengoek ere erabiltzea nahi badugu, eredua guk eman behar dugu: badakizue, zer ikusi, hura ikasi", esan dute Adunako Euskararen Aldeko Taldeko kideek.

Herritarrak euskara erabiltzera animatzeko, hainbat ekimen antolatu dituzte eta oraingoan lipdub bat grabatzea erabaki dute, herritarrekin eta herriko talde guztiekin. "Gure asmoa da bideoa maiatzaren 22an, igandean, grabatzea. Goizeko 11:00etan elkartuko gara, hamaiketakoa egiteko, eta, ondoren, 12:00ak aldera, grabazioaren entsegua eta grabazioa bera egingo dugu".

Elkarte bakoitzari eskatzen dietena da ahalik eta jende gehien eramatea bideoan parte hartzeko, eta, horrez gain, elkartea bereizten duen janzkerarekin azaltzea egun horretan. "Esaterako, dantza-taldekoak dantzariz jantzita azalduko dira, pilota-taldekoak pilotariz…". Bideo grabaketa egiteko ibilbide bat prestatu dute eta hau osatu ahal izateko herritar asko bildu behar dela diote antolatzaileek. Ez da derrigorrezkoa izena aurrez ematea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!