Adunarrentzat doakoa izango da euskara ikasten hastea

Ataria 2016ko apirilaren 27a

Aurreko araudian ez bezala, maila guztietan ari diren ikasleek izango dute euskara ikasteagatik diru laguntza jasotzeko aukera

Euskara ikasten ari diren herritarrei emango zaizkien laguntzak arautzeko ordenantza berria onartu zuten Adunan, apirilaren 12an egindako osoko bilkuran. Josu Amilibia alkatearen esanetan, «aurrerapauso bat da, lehen ez bezala, hemendik aurrera maila guztietan euskara ikasten ari direnek laguntza jasotzeko aukera izango dutelako».

Ikastaroan hasi aurretik, ikastaroa egiteko eta laguntza eskatzeko asmoa dagoela erakutsi beharko du ikasleak udaletxean, «partidetan kontuan hartzeko». Behin euskara ikastaroa bukatuta, baldintza batzuk bete beharko dituzte ikasleek laguntza jaso ahal izateko: %85eko asistentzia egiaztatu eta maila gainditu dutela erakusten duen euskaltegiaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

«Orain arte euskaltegi bakoitzak ikastaroen mailak izendatzeko modu diferentea zuen eta orain, berdindu egin da izendapena. Ordenantzan, horrela jasota geratu da», dio Amilibiak. Beraz, A1 eta A2 hastapenetako mailetan ari diren ikasleei, zenbatekoaren %100 ordainduko zaie baldintzak betez gero eta gehienez ere 500 eurokoa izango da laguntza. B1 eta B2 mailetan berriz, zenbatekoaren %50 ordainduko zaie ikasleei, gehienezko kopurua 250 eurokoa izango delarik. Bukatzeko, C1 eta C2 mailetan, matrikularen %25 ordainduko da, 125 euroko mugarekin. B1 mailatik C2 mailara bitartean, langabetu, ikasle eta jubilatuek hobariak izango dituzte.

Amilibiaren ustez, «doakotasunean sakondu behar dugu eta gurea herri euskalduna den arren, ez dakiten eta ikasi nahi duten adunarrak ez daitezela, matrikula ordaindu ezin dutelako, izenik eman gabe geratu». Uemako kide da Aduna eta euskarentzat arnasgunea: «Hala izaten jarraitzea nahi dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!