Gorostidi Harria, igandean

A. Imaz 2016ko apirilaren 20a

Igandean jokatuko den hamargarren edizioan hamar harri jasotzailek hartuko dute parte.

Gorostidi Harriaren X. Txapelketa igandean jokatuko da, Adunan, 18:00etan. Sarrera borondatea izango da. Aurtengo edizioa berezia izan daiteke, izan ere, Iñaki Gorostidiren erronka harri jasotzaileren batek hartuko duela espero da. Baina aurrez, txapelketa jokatuko da, eta lehian, hamar harri jasotzaile ariko dira. Haimar Irigoien tartean den gehienetan bezala, faboritoa errezildarra izango da. Besteak hauek izango dira: Ostolaza, Urrutia, Ugartemendia, Kortaberri, Galarraga, Izeta IV.a, Telleria, Izeta III.a eta Eizmendi.

Egin beharreko lanari dagokionez, harri jasotzaile bakoitzak bi jasoaldi eman beharko dizkie Iñaki Gorostidi berak jarritako bost harriei. Txikienak, baina baldarrenak, 139 kiloko pisua du. Handienak, aldiz, 175 kilokoa. Gorostidi berak urtero egin beharreko lana aldatu egiten du, harri desberdinak jarriz. Horrela, 10 urte hauetan hamar ariketa desberdin jarri ditu adunarrak.

Bestalde, Gorostidi Harriaren barruan erronka berezi bat dago, orain arte inork egin ez duena: esku bakarrarekin 185 kiloko zilindro zaharra jasotzearena. Gorostidik 77 kilo zituela lortu zuen marka izugarri hori. Igandean jasotzen duenak 500 euro eramango ditu etxera. Eta hasieran esan bezala, aurten bai, badirudi bateren bat saiatuko dela.

[Ikusi pasa den urteko edizioaren argazki galeria zabala]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!