Unipapel

Unipapel enpresako langileek euren egoera salatu dute

Ataria 2016ko apirilaren 20a

Egun enpresak ez duela ia jarduera industrialik eta nomina ez dutela jasotzen esan dute enpresa batzordetik.

Adunako Unipapel S.L.U.ko enpresa batzordeak bere «ezinegon, frustrazio eta haserrea» adierazi ditu, orain dela bi urte Adveok Springwater Capital-i industria jarduera saldu zionetik hona «jasaten ari garen egoeragatik».

Enpresa batzordetik gaineratu dutenez, «bien artean den komunikazio txarrak, bi aldeek kontratua ez bete izanak, produkzioaren eteteak eta Springwater Capital-ek nominak ez ordaintzeak, egoera are larriagoa egiten dute». Gogora ekarri dute sektorean puntako enpresa izan zenak, eta ondorioz, marka propioa eta bezero finkoak, egun ez duela ia jarduera industrialik, «honek suposatzen duen guztiarekin».

Enpresa batzorde ezberdinak (Aduna, Madril, Logroño) jabearekin biltzeko saiakera ezberdinak egin ostean, Springwater Capital-ek bilera batera deitu zituzten Madrileko bere bulegoetan pasa den martxoaren 14an. «Bilera horretan, ardura guztia Adveoren gain jartzen da eta bertan bildutakoei baieztatzen zaie Springwater-ek Unipapel S.L.U.ren aldeko apustua egiten duela eta soldatetan, paga eta nominak, ez duela hutsik egingo».

Egun batzuk beranduago, ordea, enpresa batzordetik azaldu dutenez, «Unipapel S.L.U.ko langileok ez dugu nomina jasotzen eta honen aurretik beste ordainketa batzuetan atzerapenak jasan genituen».

Gertakari hauek direla eta, Unipapel S.L.U.ko hiru fabriketako langileek Adveo eta Springwater Capital-i eskatzen diete «beraien arteko ezberdintasunak konpondu ditzatela eta jarduera industriala lehenbailehen berreskuratu dadila, egoera honek ez ditzan langileak gehiago kaltetu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!