Adunaren grazia

Jon Miranda Labaien 2016ko urt. 24a, 14:03

Aduna kokatuta dagoen muinotik Oria ibaiak Tolosaldean zehar egiten duen ibilbidea ikusten da. Ibai bazterreraino jaisten dira herriaren lurrak, Elbarrena auzoraino. Geroz eta zabalagoa den industriaguneak hartua du gaur egun auzoa, toki estrategikoan baitago kokatuta, errepide eta garraiobideen bazterrean.

Eta koska bat gorago herrigunea. Bertan bizi da adunarren erdia baino gehiago. Ingurune zaindu eta paregabean. Herritarrek eskola, jolas parkea, taberna eta beharreko zerbitzuak dituzte esku-eskura. Hori guztia, mendiz eta landa guneez inguratutako toki batean, mendeetan zehar baserritarrek ondu duten paisaia zoragarrian.

Josu Amilibia, Adunako alkatea

Aduna hobeto ezagutzeko aukera dugu Josu Amilibia alkatearen ahotik: «Gure herria Gipuzkoako probintzian eta Tolosaldeko eskualdean kokatuta dagoen herri txiki bat da, 471 biztanle ditu. Zizurkil, Andoain eta Villabonarekin egiten du muga eta alde batetik Belkoain mendia du eta bestetik Oria ibaiaren erribera». Ondo bereizita ditu herriko bi parteak, «ibaiaren erriberan industriagune garrantzitsuak dauzka eta herria bera mendialdearen hasieran kokatuta dago, landa eremuko izaerarekin». Herriaren ezaugarri berezietako bat hizkuntza da, «ia osotasunean herri euskalduna da, bai historikoki eta baita gaur egun ere».

Herritar gehienek eta administrazioak euskara hutsean funtzionatzen dute.

Zergatik bisitatu Aduna? Amilibiak badu argudio bat baino gehiago: «Herri euskaldun tipiko bat delako, landa eremukoa. Berezitasunak ere baditu gastronomikoki, sagasti eta sagardotegien inguruan dituen ohiturengatik». Donostiatik eta kostaldetik 18 kilometrotara kokatuta dago eta bederatzira Tolosatik. «Jakinik Gipuzkoan turismoa garrantzitsua dela, kostaldetik aparteago ikusteko moduko gauza bat da gure herria».

Gastronomiarekin ere kultura transmititzen da Amilibiaren ustez. «Fama handia dute gure sagardotegiek eta diferentziatzen gaitu espezialitate horrek». Arlo gastronomikoaz aparte, mendiko ibilbideak dituzte Adunan, «eskapadatxo bat egin eta naturaz inguratuta gozatzeko prestatuta dauden ibilbideak daude». Behin Adunara gerturatuta Tolosaldeko beste toki batzuk bisitatzeko aukera dago, «hemen dena gertu baitago». Gaua pasatzeko tokiak ere badituzte herrian eta horren adibidetzat jarri ditu alkateak Uztartza aterpetxea eta Zabale nekazalturismoa.

«Arrazoi guzti hauengatik jendea animatu nahi nuke Adunara etortzeko; goiza, eguna eta astea pasatzeko aukera ematen du, bertan lekutu eta kostaldera edo Tolosaldera begira irteerak egiteko aukera ematen du gure herriak».

Hain gertu eta hain urrun, parte eta aparte. Aduna leku aproposa da lagunartean edo familian une atsegin bat igarotzeko. Baliabide turistiko mordoa eskaintzen dizkio bisitariari. Badira sagardotegiak eta jatetxeak, baina baita lotarako tokiak ere.

Josu Aburuza, Aburuza Sagardotegia

Josu Aburuzak egin digu harrera euren etxean: «Gure aita hasi zen 1979. urtean. Aurretik ere, esan beharra dago, gure aitona zena, baserrian aritzen zela sagardoa egiten. Ez zen dedikazio osoz aritzen, etxeko kontsumorako, bizilagun eta lagunentzako egiten zuen sagardoa». Josuren aitari, beti gustatu izan zaio sagardogintza mundu hori eta berak sortu zuen gaur egun ezagutzen dugun Aburuza sagardotegia: «Pixkanaka hasi zen, baserri ondoan zegoen borda batean lehenengo hiru urteak eman zituen eta gaur egun dagoen kokalekura pasa zen gero».

Jangela handi bat dute 300 lagunentzako eta kafetegi bat ere egina dute 150 lagunentzako. Hasieran, txotx garaian bakarrik zabaltzen zuten sagardotegia baina gaur egun ia urte osoan dute irekita Josu Aburuzak nabarmentzen duenez: «Abenduan bakarrik ixten dugu, udaran eta udazkenean ere irekita egoten da eta sagardotegiko menua eskaintzen dugu. Sagardoa txotxetik zerbitzatzen dugu urte osoan zehar».

300 bat mila litro inguru ekoizten dituzte urtean Aburuza sagardotegian: «Ez da urtero berdina izaten. Bertan zenbat sagar dagoen kontuan hartu behar da. Urtetik urtera bertako sagarrarekin geroz eta gehiago egiten dugu lan. Sagasti asko aldatu ditugu azkeneko urteotan eta sagasti berri horietako batzuk hasi dira uzta ematen». Gainera, bultzatu egin nahi dute sagar autoktono hori, «ahalegina norabide horretan doa».

Aburuza Sagardotegian ekoizten den sagardo kopuruaren %15 inguru kontsumitzen da txotx garaian upeletik, jangela bertan. Gainerakoa botilaratu egiten dute: «Bertako jendearekin egiten dugu lan gehienbat, probintziakoarekin. Azkeneko urteotan txotx denboraldi hori asko hazi da eta kanpotik jende asko etortzen da. Udan berriz, madrildar eta katalanak ugaritzen dira eta baita hona oporretara etortzen direnak». Interesa agertzen du kanpoko jendeak, «ezagutzen ez duten produktua da beraientzat eta bisita gidatuak egiten ditugu sagardoa egiteko prozesua nolakoa den jakiteko», dio Aburuzak. Bertako jendearentzat ere interesgarria ere suerta daitekeela dio sagardogileak.

Aduna herri txikia da eta «txotx denboraldian, herriko biztanleria bikoiztu egiten da». Bi sagardotegi daude herrian eta jende asko dator kanpotik, «bizia ematen diogu herriari», azpimarratu du Aburuzak.

Luis Zabala, Zabala sagardotegia

Zabala sagardotegian egin dugu hurrengo geldialdia eta Luis Zabala bertako semearekin jarri dugu hitzordua. «Bi anaien artean eramaten dugu hau, dedikazio exklusiboarekin. Aita, aitona eta gizaldi mordoa izango dira sagardogintzan gabiltzanak. 30 urte hauetan ganadu giroa utzi eta sektore honi lotu gatzaizkio erabat».

Lehenago ez zen oraingo giroa egoten. «Sagardoa botilan erosi nahi zutenentzat egoten ziren zabalik sagardotegiak. Botilaratze garaian, beraientzako, elkarterako edo jatetxerako behar zuten eskaera egiteko gerturatzen ziren bezeroak sagardoa dastatzera. Jana ere bezeroak ekartzen zuten sagardotegira», Zabalaren esanetan.

Etxeko lurrekin eta alokatzen dutenekin zortzi bat hektarea sagarrondo landatzen dituzte Zabalakoek. Uzta ona denean, «gure sagarrarekin eta inguruko baserritarrei erosten diogunarekin 200 mila litro ekoizteko gai gara», dio Zabalak. Uzta erdipurdikoa denean, Asturias, Galizia eta Frantziatik ekartzen dute sagarra.

Txotx garaian kupeletik dastatzeko ematen dute sagardoa, baina Zabalak adierazi duenez, «beti ere botilak duen kalitateari begira». Maiatza arte irauten du denboraldiak eta sagardoa upelean zaintzen ahalegintzen dira. «Martxoko asteburuetan batzen da gehienbat jendea. Bospasei asteburutan pilatzen da jendea».

Bertako bezeroak dituzte Zabala sagardotegian eta «errepikatzen dutenak ere bai, hamabostean behin lagunekin edo familiarekin etortzen direnak, alegia. Jende berdintsua ibiltzen dugu, urtez urteko bezero fidelak dira horiek».

Denetarik egin behar dutela esan du Zabalak: «Bezeroari harrera egin, produktua salarazi, eskaini, erakutsi, sagardoaz hitz egin. Jendeak ere galdetzen du sagardoaz eta sagarraz». Bizkaia eta Arabatik jende asko gerturatzen da eta «Aduna neurri batean sagardotegiei esker ezagutzen dute; bizi handia ematen diogu herriari».

Aloña Yarza, Zabale nekazalturismoa

Zabale nekazalturismoa 1990. urtean jarri zen martxan. Bertako semearekin ezkondu zen Aloña Yarza eta buelta bat eman zioten negozioari 2002. urtean: «Obra bat egin genuen. Aurretik hiru gela zeuden nekazalturismoan konpartitzeko komun bakarrarekin eta sukalderik ere ez zegoen. Lanak egin genituenean, bi gela osatu genituen –bakoitza bere komunarekin– eta sukalde bat ere jarri genuen».

Apartamentu bezala alokatu daiteke Zabale nekazalturismoa eta jende gutxiago ibiltzen den garaian gelaka eskaintzen dute zerbitzua. Yarzak azaldu duenez, «uda partean, uztaila eta abuztuan oso ondo egiten dugu lan. Zubiak eta Gabonak direnean ere puntako datak izaten dira okupazioari begiratuta». Udazkena eta udaberrian ez da hainbeste jende ibiltzen eta gelaka egiten dute lan Zabalekoek.

Apartamentu bezala alokatzen dutenean, sukaldea erabiltzeko aukera dute bezeroek eta etxekoek ez dute, beraz, gosaririk eskaintzen. «Nekazalturismoa gelaka erreserbatzen dutenean, gosaria jasotzeko aukera ematen diegu».

Gehienbat estatutik gerturatzen da jendea Adunako nekazalturismora. «Krisiaren hasieran, nazioarteko jende asko gerturatu izan zaigu. Iaz, adibidez, Californiatik eta Europatik ibili zuten jende gehien: Belgika, Alemania, Errusia, Ingalaterratik etorri izan da jendea».

Zer gustatzen zaie gehien? Paisaia aipatu du, zalantza gabe, Aloña Yarzak: «Hain gertu eta hain urruti mendia ikustea beraientzat liluragarria da. Hemen atzean Ernio dugu eta harrituta geratzen dira distantzia txikian zeinen mendi altuak dauden ikustean». Lasaitasuna eta isiltasuna ere gustuko dute bisitariek, «goizetan txori kantekin esnatzea asko eskertzen dute».

Goizean jaiki, gosaldu, kotxea hartu eta kanpora joaten dira bezeroak egun pasa. «Donostia eta kosta urruti dagoen galdetzen digute. Txindoki ingurua eta Ordizia eta Tolosako azoken inguruan ere aritzen zaizkigu». Informatuta etortzen da, ordea, bisitaria. Yarzak herrira jaisteko gomendioa luzatzen die bezeroei, bertako sagardotegietan afaltzeko; «badago jendea urtero-urtero etorri, Zabala edo Aburuzan afaldu eta hemen lo egiten dutenak».

Idoia Aramendi, Uztartza aterpetxea

Astelehenetik ostiralera eguneko menua, asteburuetan asteburukoa, karta, plater konbinatuak, ogitartekoak, pintxoak... eskaintza guzti hori egiten du Uztartzak Adunan. Aterpetxe funtzioa ere egiten du bertako langile Idoia Aramendik azpimarratu duenez: «Udalarena da aterpetxearen jabetza eta guk alokairua ordaintzen dugu. Baldintza plegu batzuk daude eta horiek bete behar izaten ditugu esleipendunok».

Otorduak egitera langile jendea etortzen da gehienbat, astegunean behintzat. «Asteburuetan, berriz, familia asko gerturatzen da umeekin. Jolastokia eta frontoia ere bertan daude eta oinezkoentzako prestatuta dagoenez herrigunea, ez dabil autorik eta segurua da umeentzako». Mendi buelta bat egin ondoren gerturatzen direnak ere izaten dira eta baita sagardotegitik bueltan datozenak: «Afaldu eta gaua pasatzen dute aterpetxean», dio Aramendik.

Aterpetxearen zerbitzua eskola umeentzako eskaintzen dute. Pare bat egun pasatzen dituzte bertan eta gosaria, bazkaria eta afaria Uztartzako langileen esku geratzen da. Aramendik nabarmendu duenez, «eskolak hemen gertukoak dira, baina sagardotegietara jende asko etortzen da kanpotik. Iaz, adibidez, errugbian ibiltzen diren ingeles batzuk etorri zitzaizkigun». Tabernan, ordea, herrikoak ibiltzen dira gehienbat, Adunako taberna bakarra baita Uztartza: «Haur, heldu eta aiton-amonentzako bilgune bat da».

Anjel Sarasua, Urritza jatetxea

1996. urteaz gero dago martxan Oria ibaiaren erriberan kokatuta dagoen Urritza jatetxea. Bertako jabea da Anjel Sarasua : «Zizurkilgo Pagamuñon zegoen kokatuta familiako aurreko sagardotegia, baina hura bota egin zuten eta bizimodu hau gustatzen zitzaidanez nik segi diot tradizioari. Ia 20 urte daramatzagu kokaleku honetan, pabiloi artean».

Gehiena eguneko menua eskaintzen dute Urritza jatetxean. Lantegi inguruan kokatuta dagoenez langile jendea izaten dute bezero nagusi eta «eguneko menuarekin batera, menu berezia eta plater konbinatuak eskaintzen ditugu. Bazter guztiak ukitzen ditugu».

Duela bost urte arte 150-180 bazkari ematen zituzten egunero, baina krisiarekin batera %40 inguru jaitsi da lana Sarasuaren esanetan. «Poligono berri bat egiten hasiak dira eta ea horrekin indartzen den gure jarduna, esperantza horretan gaude».

Enrike Goikoetxea, Uparan sagardotegia

Enrike Goikoetxea Uparan sagardotegiko arduraduna da. Duela bost urte zabaldu zuten jatetxea eta eguerditan 30-40 menu ematen dituzte, «inguruko langileei batez ere, eguneko menuak, plater konbinatuak, ogitartekoak eskaintzen dizkiegu».

Astelehenetik ostiralera, goizeko 9:00etan irekitzen dute jatetxea eta 16:00ak arte egoten da zabalik Uparan industriagunean kokatuta dagoen jatetxea.

Hauek dira, Adunak eskaintzen dituen baliabideak. Gozatu nahi dituenak badaki nora joan. Bizi Aduna!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!