Infernua hauspotzen

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 27a, 13:14

Mikel Laboa Katedrak doktoretza tesia garatzeko aukera eman dio Gurutze Lasa adunarrari; euskal kulturaren hibridazioak izango ditu hizpide, eta trikitiaren kasuan jarriko du ikertzaile begirada

Onomatopeia bat omen dago bere izenaren jatorrian. Egungo euskaldunen arbasoek triki-triki erabiliaz deskribatzen zuten pandero kolpeen eta hauspo txikiaren soinua eta, ibilian-ibilian, trikitixa izen bilakatu zen. Atzerritik iritsitako oparia izanagatik, soinu txikia euskal kulturaren ardatzetako bat da jada eta, bide horretan, trikitia ikergai bilakatu du Gurutze Lasak (Aduna, 1978): Mikel Laboa Katedrak doktoretza tesiak egiteko eskaintzen dituen kontratuetako bat eskuratu du.

«Ohore bat da, niretzat, aukera hau Mikel Laboa Katedraren eskutik jasotzea» dio. Eta, ez da gutxiagorako, aspaldidanik buruan bueltaka zerabiltzan gogoetak sakonago jorratzeko aukera izango baitu, bekari esker: «Honek bizia eman dit, eta askotan esaten dut pribilegiatua naizela, horrelako zerbaitek aukera ematen baitu, bai burua eta bai indarrak tesian biltzeko».

Maria Jose Olaziregi eta Pio Perezen zuzendaritzapean aritu da tesi proiektua lantzen, eta hiru hautagairen artean aukeratu du, epaimahaiak, Euskal kulturaren hibridazio prozesuak: trikitixaren kasuaren azterketa lana. Besteak beste, proiektuaren interesa, doktoregaiaren curriculuma eta euskal musikari buruzko egitasmoa izatea nabarmendu ditu Jone Miren Hernandezek, Jesus Mari Makazagak, Iñaki Aldekoak, Juan Kruz Igerabidek eta Genaro Gomezek osaturiko epaimahaiak. Erabakia erdietsi ondoren, Gurutze Lasak 18,8 punturekin eskuratu du beka.

Baina, zer da, zehazki, hibridazioa? Lasak azalpen hori ematen hasi nahi izan du solasaldia: «Gizarte zientziek biologiatik hartu zuten terminoa da, aurreko mende bukaeran. Teorizazio handiegitan sartu gabe, Nestor Garcia Canclini autoreari jarraitzen diot nik, hibridazioa zer den azaltzeko. Finean, banandutako egitura eta jarrerak konbinatzean, egitura, jarrera eta pertsona hibridoak sortzen dira, eta hori da hibridazioa».

Uztartzeen ideia horri tiraz, beraz, kulturgintzara jo du adunarrak: «Nire lanean kulturaren izaeraz, bizipenez, elkarbanatzeaz eta elkartrukeaz ari naiz».

Historia ikasketak eginagatik, kulturgintzan eta irakaskuntzan aritu izan da beti, Gurutze Lasa. Halabeharrak ekarri zion, ordea, betiko grina hori gauzatzeko aukera: 2013an langabezian geratu zen, eta orduan ekin zion doktoretza tesi bat prestatzeko ideiari. «Gai horren inguruan nituen gogoeta eta kezketatik etorri da gaia. Finean, kultura jaso eta transmititu egiten dugu. Belaunaldi berriek elementu batzuk jasotzen dituzte aurrekoengandik, baina beste batzuk deseraiki ere bai. Era berean, beste kultura batzuekin izandako harremanen ondorioz, elementu berrien jabe egiten dira.

Horrenbestez, jasotako elementuak konbinatzen dituzte berriekin, zenbait eskemaren arabera, eta paradigma edo eredu berriak sortzen dira».

Lehendik bazegoenarekin gauza berriak sortze horretan, euskal kulturak hamaika fruitu eman du azken urteotan, Gurutze Lasaren arabera: «Hainbat diziplinatatik elikaturiko proposamen artistiko asko ikusten nuen azken urteotan, elementu tradizional, garaikide, lokal zein globalak uztartuz».

Diziplina horietako bat da trikitia, noski, eta tradizioaren eta modernitatearen arteko tentsioa «oso ondo irudikatzen duen adierazpen musikala» norbere gogo eta interesei lotuta ekin zion, infernuko hauspoaren hibridazioa aztertzeari.

Haien «gurea»

«Askotan entzun izan dut trikitia ‘geurea’ dela, baina, egiazki, XIX. mendean etorri zen gurera». Inportazio musikala izan litekeena ederki errotu da, ordea, euskal herri, ohitura eta belarrietan, eta horixe da Lasak bere tesian nabarmenduko duena.

«Erromerietan alboka eta panderoa erabiltzen ziren ordura arte, eta trikitia iritsi zenean, hasieran, panderoari laguntzeko sartu zen», dio Lasak. Infernuko hauspoaren soinu bereziak eta hainbat pieza mota jotzeko gaitasunak, ordea, segituan liluratu zituen euskaldunak, bertako musika tresnen gainetik, protagonismoa lortuz: «Herriak bere egin zuen trikitia».

Landa eremuan errotu zen, hasieran, eta kaletarrek bigarren mailakotzat zuten soinu txikia. Baina, gizartearen kaletartzeak aldatu zuen ikuspegi hori: «Trikitiak asmatu zuen egokitzen eta, elizak erromeriak gaitzesten zituen arren, bere prestigioa haziz joan zen, herritarren artean. Benetan esanguratsua da lortu duen transmisio maila».

Hibridazioa, eraldatzea eta garai berrietara egokitzea sekretuaren gakoetako batzuk izan dira, eta trikitiak 1970eko hamarkadatik gaurdaino egindako bidea «tradizioaren eta berrikuntzaren arteko bizikidetza eredutzat» du Gurutze Lasak: «Etorkizun luzea du, beraz, oraindik ere».

Gustuko lekuan, aldaparik ez

Urtebeteko beka beste hiru urtez luzatzeko aukera izango du Lasak, eta lanean hasia da jada: iturriak biltzen dihardu, ondoren atzerriko formakuntzaz elikatzeko.

Doktoretza tesi bat egitea «gogorra» dela dio, «askori hala ez iruditu arren»: «Prozesu gora-beheratsua da, norbere buruari diziplina ezartzea eskatzen duena, baina gustuko lekuan ez da aldaparik, eta egindako lana gizarteratzea da nire gogo bakarra».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!