Frontoiaren bueltako estalpe berria Adunan

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 30a, 10:01

Plazak espazio estali bat irabazi eta frontoia babestuko da egingo diren egokitzapen lanekin.

Aurki itxura aldatuko diote Adunako plazari eta pilotalekuaren inguruari. Aterpea egingo dute. «Urtea amaitu baino lehen egin nahi genituzke lanak», aitortu du Josu Amilibia alkateak.

Azkeneko urteetan herritarrek eskatutako aldaketak gauzatuko dira, honenbestez: «Pilota eskolako arduradunek eskatutako moldaketak dira. Bestalde, herriko eskolak ere erabiltzen du frontoia eta herriko umeak eguraldi txarra egiten duenean bertan egoten dira. Moldaketa hauekin, aterpe handiagoa izango dute jolasean ibiltzeko eta, batez ere, babesago egongo dira».

Izan ere, eguraldi txarra dagoenean, euria egin eta haize asko dabilenean ura sartzen da frontoiaren atzealdera. Bestalde, pilotalekuaren buelta guztian dagoen zonaldea estalita geratuko da: «Plazaren ertz batean dagoen petriletik beste alderaino joango da estalpea. Barrutik lehorra geratuko da eta gainera, busti gabe plaza zeharkatzeko aukera izango da. Kioskotik tabernaraino aterpean joateko aukera egongo da euria egiten duenean». Horrekin batera, hiru metroko aterpe bat sortuko da kioskoaren eta frontoiaren kontra.

Txukunketa orokor bat egiteko baliatuko dituzte estalpea egiteko obrak. Eguraldi txarrarekin bakarrik ez, haize asko dabilenean korrontea sortzen da pilotalekuaren alde batetik eta hori ekiditeko ate bat jarriko dute markagailuaren ondoko sarreran. Alkateak nabarmendu duenez, eguzkiarekin ere arazoak izaten dituzte, «jolasten ari dela bosgarren edo seigarren koadrotik jendea eguzki printzekin itsutu egiten da eta horregatik, frontoiaren frontisaren goiko aldean itxitura bat jarriko dugu».


  Tokia babesteaz gainera, segurtasunean ere irabazi nahi dute adunarrek. Gurasoek askotan azaldu dute kezka, frontoia inguratzen duten barandekin. «Umeentzako arriskutsu dago, baranda tarteetatik pasa daitezkeelako eta horietara igota ibiltzen direlako. Plaka batzuk eta eskubanda bat jarri dugu baranda guztian. Erortzeko arriskua ekidin nahi dugu era horretara».

Hasieran pilotalekuaren atzealdean aterpea egiteko asmoa bakarrik zuen Adunako Udalak, baina behin hasita, proiektua luzatu eta zonalde guztia estaltzea erabaki dute. Lanak baliatuko dituzte, orain, barandarekin batera, frontoiko marra eta zenbakiak pintatzeko eta eserlekuak berritzeko. Itxura aldatuko diote, guztiz, frontoiari.

Egunotan, pleguak aterako dira prozedura negoziatu bat egiteko eta urtea bukatu aurretik egitea espero dute. Aurreproiektua udaleko arkitekto eta aparajadoreak egin dute eta aurrekontu definitiboarekin aterako da obra lehiaketara. Lanek 90.000 euro inguruko kostua izango dute udal ordezkariek aurreikusten dutenez.

Mantentze lan gehiago

Lan hauekin, Adunako herrigunean egin beharreko egokitzapenak bukatuta geratuko dira. «Nahiko osatuta geratuko da azpiegitura aldetik herri gunea».

Urte bukaera bitartean egokitzapen lan gehiago egingo dituzte Adunan. Herriko bankuak lixatu eta pintatuko dituzte berriz. Udaletxeko balkoia ere konpondu dute eta bi parkeen mantentze lanak egingo dituzte bertan dauden elementuak egokituz. «Kultur aretoko egurrezko lurra ere hondatu egin da hezetasunagatik. Aldatu egin beharko dugu, beste material bat jarrita».

Etorkizunera begira, Uztartzaren atzealdean aisialdirako gune bat egiteko asmoa ere badu udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!