Gustura zaudete EH Bilduk udal hauteskundeetan lortutako emaitzekin?
Bai. PPk ere zerrenda aurkeztu zuen eta herriko zerrenda bakarra gurea izanik pentsatzekoa zen zazpi ordezkariak eskuratuko genituela. Baina maiatzaren 24ak bazituen bere bereizgarri batzuk: lehen aldia zen EH Bildu bezala aurkezten ginela eta lehen nuen nik zerrendaburu gisa. Emaitzak erakutsi dute herritarrek gure proiektua babestu dutela eta horregatik pozik gaude.
Erabaki duzue nola banatuko dituzuen lanak udalean?
Ni printzipioz dedikazio osoz jarraituko dut lanean. Udal talde jatorra osatu dugu eta oro har gazteak gara denak. Hala ere, badira tartean beste udalen batean esperientzia dutenak. Joxe Mari Sarasola lehen alkate ordea izango da eta Nerea Aburuza bigarrena. Bide batez,aukera aprobetxatu nahi dut hainbat urteetan udalean lanean aritu direnei eskerrak emateko.
Nolakoa da Adunako Udalaren egoera ekonomikoa?
Egoera ekonomiko lasaia dugu. Guk ere badugu zorra. baina jasangarria da eta urtez urte zor hori jaisteko ahalegina egiten dugu. Gure tamaina bereko herriekin alderatuta, guk bi edo hiru aldiz aurrekontu handiagoa dugu. Industriara bideratutako lurzoru asko dugu eta horrek azpiegiturak bermatu eta mantenu lanak egitera behartzen gaitu. Adunako Udalaren egitura handia da, baina beste udalek bezalaxe sarrera eta gastuen arteko oreka bilatu behar dugu. Akaso, gure tamainako beste herrek ez bezala diru sarrera puntualak izan ditzakegu, obra baimenengatik, adibidez. Baina horiek ez ohiko diru sarrerak dira eta ondorioz, ez ohiko gastuetara bideratu behar dira. Garaiotan, bereziki, zuhurtziaz jokatzea dagokigu.
Datozen urteetan Erribera industriagune berria izango da proiektu nagusienetako bat Adunan?
Erribera, orain garatuko den industriagune berria izango da. Aurretik ere dauden Aizpea, Urtaki eta Uparan industriaguneei gehituko zaie garapen berria eta zonalde bakar bat bezala geratuko da egituratuta. Lehenengo fasea martxan dago: Inquitexetik errekarainoko gunean kokatuko da Irizar enpresa eta Adunako lantokian 60 milioi euro inbertituko ditu. Industriagune berriak aldaketak eragingo ditu eta epe motzera urbanizazio lanak hasiko dira ingurune horretan.
Azpiegitura lan gehiago aurreikusten duzue legealdi berrirako?
Azken legealdian ermita aldeko errepidea zabaldu eta Foru Aldundiaren laguntzarekin bide hori oinezkoentzat prestatu dugu. Abantaila handia izan da herritarrentzat. Orain, Uparanetik etorriko den bide gorriarekin lotu eta gune hori txukunduko du Foru Aldundiak. Bide batez, goitik datorren espaloia bukatzen den tokian errepidea segurtasunez gurutzatu ahal izateko modua pentsatu beharko dugu elkarlanean. Kirol pista ere egin dugu eta gure asmoa da, Uztartza atzeko belatzean gune berde bat atontzea herritarren aisialdirako.
Eta etxebizitza beharra ba al dago Adunan?
Udalak sustatu zituen azken etxebizitzak 2007an bukatu eta banatu ziren. 30 eta 40 etxebizitza egin ziren eta gazte asko geratu ziren bertan bizitzen. Plan Orokorrean, Kamioko garapena dago aurreikusita. 2007an hirigintza sustatzaile batekin hitzarmena sinatu zen baina ordutik egoera asko aldatu da. Ingurune horretarako aurreikusita zeuden etxebizitzak handiak ziren eta prezio altukoak. Baldintza horietan jende gazteak ez luke modurik izango etxebizitza erosteko. Orain irtenbideak aztertu beharko ditugu eta dagoeneko hasi gara sustatzaileekin negoziatzen akordio bat erdiesteko.
Gazteentzako zein asmo dituzue Adunan?
Helburu estrategiko bezala jarri dugu gazteek bizitzea herrian egitea. Saiakera batzuk egin dira orain arte, gazte lokala martxan jartzeko eta arazo batzuk medio bertan behera geratu zen asmoa. Hori berreskuratuko dugu eta herriko dinamiketan gazteek parte hartu dezaten saiatuko gara. Gu laguntzeko prest gaude.
Gizarte arloan zein proposamen dituzue datozen lau urteetarako?
Beharrean dauden herritarrei lagundu nahi diegu. Larrialdi sozialerako laguntzak bermatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da eta maiz urtea bukatu aurretik agortzen dira laguntzak. Guk jarri behar izaten dugu falta den zatia. Jaurlaritzari bere egitekoak bete ditzala eskatuz jarraituko dugu baina gure aldetik beste diru laguntza lerro zuzen bat zabaldu nahi genuke. Herrian bertan, oinarrizko gastuak ordaintzeko lain ez duenarentzat bideratutako partida bat izango litzateke. Saiatuko gara datorren urterako martxan jartzen.
Beste asmoren bat nabarmendu nahi zenuke datozen lau urteetarako?
Obra handietatik aparte adunarren ongizateari begiratu nahi diogu. Kulturaren alorrean, euskaran edo turismoan egiten diren ahaleginak ere ezinbestekoak dira. Erreportaje bat egiteko asmoa dugu gure baliabide turistikoak ezagutzera emateko. Ataria eta 28 kanalarekin elkarlanean egingo dugu.
Entzun elkarrizketa osoa hemen: