Euskarak trinkotasunean irabaz dezan lanketa egin dute Adunan

Jon Miranda 2015ko eka. 18a, 11:51

Arnasguneen inguruko saioetan ateratako ondorioekin ekintzak gauzatuko dira herrian

«Arnasgune bat euskararentzat, indargune bat da. Euskara sendo dagoen eremu bat. Herri askotan toki zehatz bat izan daiteke, eskola, esate baterako. Baina arnasgune sozio-funtzional horiek oso ugariak direnean, herria bera ere, arnasgune bezala izendatzen dugu». Ueman argi dute, arnasgune horiek euskararen biziberritze prozesuan duten garrantzia, motore eta lidergo papera jokatzen dutelako.

Aduna, euskararentzat arnasgunea da, baina herritarrek badute susmoa euskararen erabilera jaitsi egin dela azken urteetan. Miren Aburuza adunarrak aipatu du: «Kezka hori bagenuen, izan ere, parke inguruan eta tabernaren bueltan ez da euskara lehen bezain beste entzuten. Kale erabileraren datuak ere hori diote».

Kezka horrekin jo zuten adunarrek Uemara. Bertako teknikariek formazio eskaintza egiten die mankomunitateko kide diren udalerriei. Xabi Aizpurua teknikaria aritu da Adunan tailerra eskaintzen eta 8-10 herritar bildu dira eskainitako bi saioetara. Talde horren eragiteko gaitasuna da Uematik nabarmendu dutena: «Talde honek euskaraz bizitzeko hautua egin du eta horrek eragin sozial eta biderkatzailea du».

Aburuzak nabarmendu duenez, euskararen inguruko aktibazio soziala bultzatu nahi dute herrian: «Tailerretan jaso ditugun ondorioak partekatzeko bilerak egingo ditugu guraso elkartearekin, udalarekin eta Txulobi elkartearekin eta haien inplikazioa lortzen saiatuko gara».

Pixkanakako prozesua izango da: «Ekintza batzuk ere pentsatu ditugu, eta euskaraz hitz egiteko ohitura ez dutenengana joko dugu. Mintzalaguna bezalako egitasmoak egiteko aukera aztertuko dugu eta ez dakitenei euskara ikasteko moduen berri emango diegu. Hizkuntza ohiturak aldatu ez daitezen, euskara ikasteko prest ote dauden galdetuko diegu. Helburu akademikoarekin ez bada ere, behintzat, egunerokotasunean eta gainerako herritarrekin euskaraz moldatu daitezen».

Trinkotasunean galdu du euskarak arnasguneetan eta faktore askok eragin dute hori Aizpuruaren ustetan: «Duela 30 urte herri txikietako harreman sarea nahikoa gertukoa zen eta bi belaunalditan sekulako jauzia egin dugu. Euskara hizkuntza gutxitua da eta globalizazioaren ondorioz hizkuntza hegemonikoak geroz eta presenteago ditugu. Talka horiek sortzen direnerako tresnak eta jarrerak landu behar ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!