Irizarrek lantoki bat irekiko du Adunan 2016. urtean

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko otsailaren 23a

Autobus elektrikoaren osagaiak egingo dituzte Adunan

Herrirako, bailararako eta eskualderako duen garrantzia nabarmendu du alkateak.

lrizar kooperatibak urtea bukatzerako Adunan lantoki berri bat izango du. Bertan ibilgailu elektrikoetan erabiltzeko osagaiak eta muntaketarako gaiak egingo dituzte. Lantoki berri honekin autobus elektrikoen alde egindako apustua indartu nahi du Ormaiztegiko kooperatibak. Lantoki berria urte bukaerarako izan nahi dute egina eta 2016. urterako martxan jartzea aurreikusten dute.

Autobus elektrikoen muina diren osagai eta sistemak egingo dituzte eskualdean, i2e linean ariko dira beraz.
Izan ere, Irizar taldea mundu mailako erreferentzia da bidaiarien garraioaren sektorean, eta bere markaren estrategiaren garapenean beste urrats bat eginez, bere lehen hiri autobus %100 elektrikoa aurkeztu zuen orain gutxi Donostiako hirian.

Udala pozik
Josu Amilibia Adunako alkateak esan duenez, udala pozik dago inbertsio honekin. «Irizarrek lantokia jartzeko eskaera egin zion Erribera industrialdeko batzarrari, eta lanaren garapenean ari dira. Industrialdeak 4 fase ditu, eta lehen fasean hiru partzela izango zirenak batean elkartzea erabaki dute, 30.000 metro inguru. Lursaila erosi dute jada, oso berri pozgarria da guretzat», esan du. Era berean, Irizar eskualdean aritzeko erabakia «herriarentzat, bailararentzat eta eskualdearentzat oso berri ona» dela esan du, «bai enpleguarentzat eta baita eskualdeko garapenarentzat ere».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!