Adunako kultur astea aurrera doa

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 20a, 16:13

Gaur Xabier Bengoetxearen hitzaldia izango da, 19:00etan kultur aretoan: Adunan eta herri euskaldunetan euskaraz hitz egiten al da?

Astelehenetik aurrera egunero ekitaldiak dituzte Adunan eta horien artean aipatzekoa da asteartean izan zen Turroi ikastaroa. Zortzi lagun eta Gorka Azaola irakaslea elkartu ziren Txulobi elkartean eta gozoen munduan murgildu ziren lau orduz. Txokolatezko turroia, turroi gogorra, turroi biguna, iema erretako turroia eta mazapanak egin zituzten ikastaroan eta beste hainbat gomendio eta truku ere ikasi zituzten.

Giro jatorrean eta parte hartze onarekin ospatu zen klasea eta ikastaroan izan zirenen iritziz "turroiak egitea uste baino errazagoa da, zailagoa da egun batean maila gorena ematea, baina posible da txukuna ateratzea eta guretzako horixe zen helburua". Adunako kultur batzordeak honelako ikastaro gehiago antolatzeko asmoa du.

Hemen, ikastaroan egiten ikasi zuten errezetetako bat:

Iema erretako turroia

Osagaiak:

250gr. Almendra hauts egin da

200gr. Azukre xehetua

3 edo 4 arraultza gorringo

Azukrea osoa erretzeko

Ontzi batean almendra xehetua eta azukre xehetua jarri eta poliki-poliki guztia ondo nahastu.

Eskuekin nahastu eta landu osagaiak.

Segidan arraultzen gorringoak nahastu poliki-poliki eta banaka, ondo nahastu arte.

Eskuekin nahastu guztia, almendraren olioa ateratzen hasten den momentua da egokia.

Mahai gainera irauli orea eta lanean jarraitu pilota bat egiten utzi arte. Hau zapaltzea posible denean, errodilloa pasa eta nahi den tamainako laukia egin.

Hau egindakoan esne kaxa moztuaz egindako moldean sartu laukia eta pisu pixka bat duen zerbait (kaxa txiki bat) jarri gainean turroia berdintzeko.

Hiru egunez turroia leku freskoan mantendu, beti ere ez dadin lehortu zainduaz.

Turroia moldetik atera poliki-poliki irauliaz plater batera edo, azukre osoa ipini gainean ondo zabalduaz eta bukatzeko sopleteaz edo plantxa batekin erreaz amaitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!