Azaroaren amaieran edo abenduan martxan jarri nahi dituzte kirol instalazio berriak egiteko lanak Adunan. Herriko eskolaren ondoko lurretan kirol pista eraikitzekotan da Adunako Udala eta hurrengo urtearen hasierarako proiektua errealitate bihurtzea espero dute.
2003tik planteatuta zegoen proiektua da kirol pista berriarena eta proiektu urbanistikoan sartuta zegoen. Orain arte, ordea, gauzatu gabe zegoen kirol praktikarako instalakuntza berri hau eraikitzeko egitasmoa. Adunako udalaren aurtengo diru kutxa proiektu hau egiteko moduan da eta honenbestez «ahal bezain laster» lanak hastea du buruan udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere diru laguntza eman du herriko kirol pista berria eraiki ahal izateko.
Horretarako, proiektuari plenoaren bidez argi berdea eman eta lizitaziorako prest izango zen. Azaroaren amaieran edo abenduan lanak martxan izatea espero da eta lanen iraupena bi hilabete ingurukoa izatea aurreikusten dute udalean.
Herriko gazte nahiz helduentzat kirol asko herrian bertan modu erosoan praktikatzeko aukera eskainiko du pista berriak. Areto futboleko, eskubaloiko eta saskibaloiko pista egingo dira herrian eta orain arteko pilotalekuarekin batera herriko kirol instalakuntzetara gehituko da lanak amaitu ostean.
Pista nagusiaz gain ondoan eraiki daitezkeen beste hainbat instalazio bateragarri aztertzen ari da udalak, minibasketean jokatzeko tokia, adibidez. Adunako eskolako haurrentzat ere onura ugari ekarriko ditu kirol pista berri honek, eskolatik oso gertu kokatuko baita. Herritarrentzako guztiz irekia egongo bada ere, eskolak berau erabiltzeko aukera izango du beraien ekimen guztietarako.
Herriaren erdialdean ere aisialdirako aproposa izango den berdegune bat egiteko asmoa du Adunako Udalak. Honetarako egokitzeko asmoa dagoen lurra Uztartza atzealdeko aparkalekuaren ondoan dago eta kirol pistaren lanekin batera berdegunea egokitzeko lanak hasi nahi bazituzten ere oraindik ez dago datarik jarrita lanen hasierarako.
Berdegunean aulkiak, zuhaitzak eta mahaiak jarriz herritarrentzako gune eroso eta aproposa egokitzea da asmoa. Herritarrek egonaldiak eta ogitartekoren bat mahai baten inguruan jateko toki aproposa eskura jartzea lortu nahi da honela.