Iraganak etorkizunean tartea izan dezan lanean

 Iraganak etorkizunean tartea izan dezan lanean
Trintxerak berreskuratzeko auzolandegian lanean ari diren gazteei bisita egin diete ordezkariek

Gerra Zibila 1936-1937 izeneko auzolandegian izena eman zuten, uda aurretik, Euskal Herri osoko 16 gaztek. Historia ikasleak dira gehienak, eta duela 78 urteko erresistentzia gunean lan egitea eta inguruko herritarren testigantzak entzutea «sekulako esperientzia pertsonala» izaten ari dela diote. Haien lana ezagutzen izan dira Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Jabi Buces Aranzadi Elkarteko historialaria, Iñaki Alegria UEUko Zuzendaria, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria, Josu Amilibia Adunako alkatea, Pili Legarra Asteasuko alkatea, Jose Mari Luengo Zizurkilgo alkatea eta, azkenik, Marina Bidasoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza eskubideen eta oroimen historikoaren zuzendaria.

Beren aldetik, ahaldun nagusi Martin Garitanok eta foru aldundiko Giza eskubideen eta oroimen historikoaren zuzendari Marina Bidasorok «oroimen historikoa bizirik mantentzeko ezinbesteko egitasmotzat» jo dituzte Belkoaingoa eta antzekoak: «Duela 78 urte hemen gertatu zenaren memoria bizirik mantendu behar da, ezkutatu gabe, eta, beraz, benetan baliotsua da egiten ari diren lana», azaldu du Garitanok. Halaber, Bidasorok ere guztiz babestu du auzolandegiaren jarduna: «Poza ematen du jende gaztea horretan gogotsu ikusteak, eta pozik lagunduko genieke beste hainbat urtetan ere, horrelako proiektuei».

Aduna, Asteasu nahiz Zizurkil inguruko adineko jendeak betidanik jakin izan omen du eremu horretan trintxerak zeudela, baina ikertu gabeko zerbait izan da orain dela gutxira arte. Horrela, adineko horien laguntzaz ekin zieten, iaz, beste auzolandegi batzuei. Marean indusketetan aritu ziren eta ehunka bala-zorro eta bala aurkitu zituzten; aurten zati horri amaiera eman diote.

Astelehenean, berriz, Belkoaingo muinopean dagoen baso zatia ezagutzera eraman zituzten auzolandegiko gazteak; trintxera izan zitekeena sasi eta landareek estaltzen zuten eta, horrenbestez, eremua garbitu eta harria ateratzen aritu dira azken hiru egunotan.

Aranzadiko bi begiralek nabarmendu dutenez «zortea» izan dute eremu zehatz horretan: «Ez genekien zer aurki genezakeen hemen, eta jaurtikari asko ateratzen ari gara, izan ere, errepublikarrek eraikitako trintxerak badira ere, ondoren frankistek ere erabili zituzten eta, badirudi, metrailadoreak erabili zituztela». Horrez gain, guda karlistako berunezko bolatxoak ere atera dituzte bertatik.

Eskulan edo lan fisiko horrekin batera, «kutsu akademikoa» eman nahi izan diote aurtengo auzolandegiari, Josu Amilibia Adunako alkateak nabarmendu duenez: «Hiru udalak lanean hasi ginenean, argi izan genuen auzolandegiak akademikoa ere izan behar zuela, udako ikastaro baten izaera behar zuela. Horregatik, lubakietako lanarekin batera, oroimen historikoa berreskuratze horretan, eskualdeko herritarren testigantzak biltzeari ere garrantzia eman diogu».

Eta hain zuzen ere horiek suertatu zaizkie, gazte guztiei, ikastaroko une hunkigarrienak: «Hemen gertatu zenaz ez dakigu ia ezer, dokumentu batzuetan bakarrik agertzen baita guztia eta, gainera, gorde egin izan dute. Orain, ordea, hemen lanean aritzea eta, batez ere, Espainiako gerra bizi izan zutenen oinordekoen hitzak entzutea oso hunkigarria da. Orain badakigu errepublikarren erresistentziak hilabete iraun zuela eremu honetan, eta badakigu zer bizi izan zuten familia horietan». Egiten ari diren lanaren bitartez, beraz, historia eta memoria hori datozen belaunaldiei helarazteko bideak zabaltzea espero dute gazteek.

Hamabost eguneko auzolandegia igandean amaituko dute eta, TOLOSALDEKO ATARIAk erreportajea eskainiko du gaiaren inguruan, bihar.