Hasi da Transernio Txapelketa

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 12a, 15:19
Adunako Txulobi Pilota Eskolak urtero antolatzen duen pilota txapelketa gaur hasi da. Finalak abuztuaren 9an izango dira.

Datorren abuztuaren 9ra bitarte pilotaz gozatzeko aukera izango da Adunako pilotalekuan. Urtero bezala, benjaminetatik hasi eta kadetera bitarteko mailan jokatuko da Transernio txapelketa. Gipuzkoako pilotariak soilik ariko diren txapelketa honetan, 36 bikotek parte hartuko dute. 

Final laurdenak bi asteburutan jokatuko dituzte. Gaur jokatu dituzte lehenbizikoak, eta bihar eta datorren asteburuan izango dute jarraipena, uztailaren 19an eta 20an. Finalerdiak berriz, uztailaren 2an6 eta 27an jokatuko dituzte eta final handia abuztuaren 9an izango da, 17:00etan.

Gaurko jaialdian, alebin eta infantil mailako pilotarien partidak izan dira, eta bihar, benjamin eta kadeteen txanda izango da, eta datorren asteburuan ere horrela jokatuko dute. Jaialdiak 10:00etan hasiko dira.

Lehen partidak
Gaurkoan, alebinetan Tolosako Altuna-Lopetegi bikoteak Zizurkilgo Ziotzako Perurena-Ugartemendiaren aurka jokatu dute. Bigarren partidan eta maila berean Alkizako Sorarrain eta Izagirre Asteasuarrak Adunako Olasagasti-Irazu bikotearen aurka aritu dira. Hirugarren partidan eta infantiletan, Adunako Mujikak Andoaingo Osa izan du lagun Ugartemendia-Otaegi bikotearen aurka lehiatzeko eta laugarren eta azken partidan Andoaingo Gazteleku klubeko Alberdi-Elizegik Lazkaoko Ruiz de Larramendi-Gelbenzuren aurka jokatu dute.

Biharko (igandeko) jaialdian, benjaminetan lehen partidan, Alde Zaharreko Olaizola-Sorondo bikoteak Adunako Elduayen eta Zizurkilgo Lizarribarren aurka jokatuko dute. Bigarren partidan eta maila berean Adunako Ormaetxeak Tolosako Iztueta izango du lagun Larraulgo Belauntzaran eta Asteasuko Agirrezabalen aurka lehiatzeko. Hirugarren partidan eta kadeteetan Lazkaoko Zubizarretak Donostiko Alberdirekin jokatuko du Bidaniko Elola-Jauregi bikotearen aurka eta azken partidan Arandia-Irazustabarrena alegiarrek Ugalde-Etxeberriaren aurka jokatuko dute.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!