Gorostidiren marka hausteko aukera dute txapelketan

Maier Ugartemendia 2014ko ekainaren 13a

Igandean, Adunan egingo den txapelketan bi harri altxa beharko dituzte lehiakideek

Aurten hogeita hamahiru urte bete dira Iñaki Gorostidi adunarrak 185 kiloko harria esku batekin eta 77 kilo zituela jaso zuenetik. Hilaren 15ean, Adunan ospatuko dute jasoaldi honen 25. urteurrenean ospatzen hasi ziren Gorostidi Harri Txapelketa. Txapelketa honekin garai bateko harrijasotzaileei «omenaldia» egitea dute helburu.
Iñaki Gorostidik eta Muskil elkarteak zortzigarren urtez antolatuko dute aurten txapelketa. Aipatu bezala, 185 kilotako harriaren altxaldiaren 25. urteurrenean hasi ziren txapelketa ospatzen: «Alkateari zerbait berezia egitea gustatuko litzaidakeela esan nion eta Muskil elkartearekin harremanetan jarri ninduen».
Lehen edizioan Gorostidiren markako 185 kilotako harri zaharra bi eskuekin altxatzea izan zen helburua, eta esku batekin altxatzen zuenarentzat ere «sari berezi bat» zuten Gorostidiren esanetan. «Onenek» parte hartu zuten eta antolatzaileak jasotako erantzunarekin «gustura» gelditu ziren.
Ordutik txapelketa honetan, Gorostidik bere «ibilbidean zehar erabilitako harriak» erabili dituzte, urtero desberdinak. Aurten lehen aldiz, 139 kilotako erreka-harria eta 113 kilotako harri borobila erabiliko dituzte. Modu zaharrean «kolarik gabe» jaso beharko dituzte. Bestalde, txapelketa honi «berezitasuna» ematen dion harria ere bertan izango dute: 185 kilotako harri zahar eta zilindrikoa. Txapelketa abiatu zutenetik behin bakarrik egin dute harri zahar hau esku batekin igotzeko saiakera. Duela hiru urte Joseba Ostolaza jasotzen saiatu zen, baina «erori egin zitzaion, puskatu egin zen, eta konpondu genuen, baina ordutik ez da beste inor saiatu» harri hau jasotzen.


Zazpi harrijasotzaile deman
Txapelketak lehen urtean «jende asko» bildu zuenez, urtero errepikatzea erabaki zuten. Honela, aurtengoaren prestakuntzan dabil Iñaki Gorostidi. Urtero bezala, txapelketa baino hamabost egun lehenago Adunako tabernan jarri dituzte erakusgai txapelketaren egunean erabiliko diren hiru harriak. Atzean Gorostidiren ibilbidea biltzen duen panel bat ere badago, bertan marka egin zueneko egunkari zatiak daude ikusgai. Txapelketako egunean bertan, tabernan dauden hiru harriak hartu eta zuzenan eramango dituzte txapelketara.


Aipatutako hiru harri hauek jasotzen saiatuko dira zazpi harrijasotzaile: Urtzi Telleria, Joseba Urrutia, Iban Ugartemendia, Joseba Ostolaza, Jokin Eizmendi, Jon Ander Maiza eta Bernardo Ureta ‘Urpe’. Hiru minutuko bi txanda izango ditu harri-jasotzaile bakoitzak erreka harria eta harri borobila jasotzeko. Horrez gain, nahi duenak aukera izango du urtero bezala 185 kilotako harria jasotzeko; sari berezia izango du, gainera. Gorostidik ez daki aurten harrijasotzaileren bat saiatuko den, baina bere ustean saiatzekotan lehenago ere saiatutako Ostolaza izango da.


Gorostidiren ibilbidea
Iñaki Gorostidik bere bizitza osoa darama harriari lotua. Harrijasotzaile lanetan ibili zen urteetan zehar. «Bi etapa» izan zituen: bata 20 urte artekoa, eta bestea 25 urtetik aurrerakoa.
20 urte bete zituen arte hainbat apostu egin zituen Gorostidik «batzuk irabazi eta beste batzuk galdu egin nituen». Baina, bere pisuan «aurkaririk gabe» geratu zen, eta boxeoan hastea erabaki zuen. Tartean soldaduskara joatea ere egokitu zitzaion.  Lehen etapa honen agurra, Donostiako Belodromoan egin zuen «bi eskukin 200 kiloko zilindro zaharra altxatu nuen eta 163 kilokoa esku batekin». Orduan, 20 urte zituen eta 77 kilo pisatzen zituen.


Boxeoan batez ere Paris aldean ibili zen. Profesional bezala 33 borroka egin zituen: «horietatik 16 irabazi nituen, sei baliogabeak izan ziren eta gainontzekoak galdu nituen». Hala ere, boxeoan «onenean» zegoela, konturatu zen ez zuela «etorkizunik», eta bere buruari honakoa esan zion: «Iñaki itzuli hadi Euskal Herrira eta hasi hadi berriro harriarekin, hirea hori duk eta!».


25 urterekin itzuli zen eta urtebete beranduago jada «harri pisutsuak» jasotzen hasi zen. Orduan ere, bere pisuko aurkaririk gabe geratu zen, ordea. Horregatik, edozein harrijasotzaileri desafioa botatzea erabaki zuen, bakoitzaren pisuaren araberakoa. Bi eskuekin norberaren pisu bikoitza eta 50 kilo gehiago. Esku batekin, berriz, norberaren pisu bikoitza eta 25 kilo gehiago. Baina, ez zuen aurkaririk lortu.
1982. urteko maiatzean jaso zuen 185 kiloko harri zilindroa esku bakarrarekin eta 77 kilo zituela. Bere pisuaren bikoitza eta 31 kilo gehiago.Bi eskuekin 200 kilokoa jasotzera iritsi ziren, bere bikoitza eta 54 kilo gehiago. Biak ere harri zaharrarekin. Gosotidiren esanetan, harri zaharren eta modernoen arteko aldea «nabaria» baita jasotzerakoan. Horren erakusle, harri zaharretan marka 260 kilokoa izatea.


1983an lesio larri bat eragin zion istripu bat izan zuen, eta harria jasotzeari utzi zion. Aurrerago ere 200 kiloko harriak altxatzeari ekin zion, baina «jada ez nintzen ni» dio Gorostidik.


Egun bere bizitzak harriari lotuta jarraitzen du, izan ere, Adunako bere jaitetxean duen txokoan harriarekin artisau lanak egiten aritzen da. Afizioa eta ofizioa lotu ditu Gorostidik, eta pasio hori sumatzen zaio harriaz hitz egiten duenean.

Egitaraua
EKAINAK 15, IGANDEA
Zer? VIII. Gorostidi Harria.
Noiz? 18:00etan.
Non? Adunako pilotalekuan.
Sarrera. Borondatea.
Zeregina. 139 kilotako erreka harria eta 113 kiloko harri borobila jasotzeko hiru minutuko bi txanda.
Sariak.
• 1.goa: 500 euro, oroigarria eta txapela.
• 2.a: 400 euro eta oroigarria.
• 3.a: 300 euro eta oroigarria.
• Sari berezia, 185 kilokoa esku batekin jasotzen dutenentzat: 300 euro.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!