"Inspirazioa etorri ahala sortu dut"

Imanol Garcia Landa 2014ko mai. 17a, 19:03
Musika eta letrak berak sortu ditu, eta grabaketa lanak ere berak egin ditu. Diskoa grabatzerakoan alboan izan dituen musikariak izateagatik zortea izan duela dio

Beñat Igerabidek (Aduna, 1988) bere lehen diskoa kaleratu du, Orbainak izenekoa. Aurkezpen kontzertua Donostiako Doka kafe antzokian izango da gaur larunbata, 21:00etan. Hiru urteko lanaren ondoren, gogoz dago emaitza zuzenean erakusteko.


Zer dela eta jarri diozu ‘Orbainak’ izena diskoari?
Bizitzako esperientziak utzitako marken abestiak dira. Hortaz hitz egiten dut, nire bizipenak, izandako kolpeak eta ez-kolpeak… Hortik dator izena.

Musikari moduan hainbat taldetan aritu zara. Zeintzuk izan dira?
Villabonan hasi nintzen, lagunartean, eta gero Ipar-Haizea heavy talde batean hasi nintzen; orain dela hamar urte izan zen hori. Proiektu dezentetan ibili naiz, eta orain dela urte batzuk pentsatu nuen nire proiektua martxan jartzea, eta kostata, baina azkenean lortu dut.


Gitarra jotzailea zara. Beste instrumenturen bat ere jotzen duzu?
Gitarra da nire instrumentua. Pianoa pixka bat jotzen dut, baina oso gutxi, ezin dut esan ia jotzen dudanik ere.


Normalean abestiak konposatzen dituena gitarra jotzailea izaten da, edo hori topiko bat da?
Normalean horrela izaten da. Batzuetan pianista izaten da… Kantatzera animatzen direnak gitarra jotzaileak izaten dira, batzuetan baxu jotzailea ere bai... Nik uste dut gitarrarekin hasten zarenean segituan jartzen zaizula kantatzen hasteko, eta hortik hasten zara kantuak idazten. Nik uste dut berez ateratzen zaizula.


Orbainak lana lantzen hiru urte eman dituzu. Nola izan da sormen prozesu hori?
Behin kanta bat idatzi nuen euskaraz eta asko gustatu zitzaidan eta esan nuen hau serio hartu behar dut. Hori orain dela hiru urte izan zen eta kantak idazten hasi nintzen. Lasai hartu nuen. Ez naiz behartu eta esan hamar kanta idatzi behar ditut diskoa bukatzeko. Inspirazioa etortzen zenean idazten nuen eta gero utzi. Errepertorioa lantzen joan nintzen eta ia bi urte pasa ziren hamar-hamaika kanta nituenean osatuta. Orduan hasi nintzen taldekide bila eta Donostialdeko hiru lagun sartu ziren proiektuan: Gorka Urra gitarran, Maria Soriasu baxuan eta Gustavo Gonzalez baterian. Haiekin hasi nintzen entseguak egiten, kantak pixka bat moldatzen eta hobetzen.


Noiz hasi zineten grabaketekin?
Lehengo urtean martxoan hasi ginen grabaketarekin. Hori ere nahiko mantso hartu dut, neronek egin baitut grabaketa. Azkenean sekulako lana izan da eta gogoa nuen dagoeneko bukatzeko. Nik egin ditut kantak, grabazioak, eta nik egin ditut nahasketak ere... Lan luzea izan da, polita, eta bere alde onak ere baditu nik dena egiteak. Grabazioa lasai hartu dugu, errepikatu behar zenean errepikatu, denak gustura gelditu arte. Asko landutakoa izan da eta emaitzarekin oso gustura gelditu gara eta hori da inporta duena.

 


Soinu teknikari gisa aritzen zara, beraz.
Estudiotxo bat muntatu nuen Adunan, eta hor aritzen naiz grabaziotxoak egiten. Gustatzen zaidan mundua da grabazioarena, eta ikastearen arrazoietako bat ere bazen etorkizunean nire diskoa grabatzearena eta hori lortu dut.


Kantak sortu, taldekideak ere lortu, baina ate asko jo behar izan dituzu diskoa argitara emateko?
Egia esan zortea izan dut. Grabazioa egiteko neroni moldatu naiz, gero manager batekin kontaktuan jarri ginen, Serranorekin nago, eta beraiek aurkeztu ziguten Elkarrekoei. Hauei asko gustatu zitzaien diskoa, eta egia esan gai horretan ez dut burua asko jan behar izan. Elkarrekoekin oso gustura egon naiz, asko interesatu ziren proiektuan eta beraiek atera dute diskoa. Nahiko azkar joan da, beste guztia baino askoz azkarrago, eta oso pozik nago.


Diskoa grabatzerakoan beste musikariekin kimika ona izatea ezinbestekoa izango da, ezta?
Oso kimika ona izan behar duzu, ordu asko pasatzen dira elkarrekin. Nik, egia esan, zortea izan dut: lehenagotik ezagutzen nituen, baina orain elkarrekin jotzen ibilita gehiago ezagutu gara, oso giro ona dugu, lagunak egin gara, eta ez daukat batere kexarik, oso ondo joan da dena.

 


Diskoaren aurkezpen kontzertua Doka kafe antzokian izango da, bihar. Aurretik beste emanaldirik egin duzue elkarrekin?
Lehengo urtean, martxoan, jo genuen estreinako aldiz Dokan, oraindik kantak prestatzen ari ginela. Beste emanaldi batzuk ere egin ditugu. Gaztearen maketa lehiaketaren finalean ere izan ginen. Larunbatekoa izango da estreinakoa disko osoarekin. Abuztutik zentratu gara grabazioan eta ez dugu ia jo. Urtarrilean egin genuen akustiko bat, Irungo taberna batean, baina gauza txikiak izan dira orokorrean. Larunbatekoa ezberdina da. Bideoklipa ere kaleratuta dago; kontzertu hau garrantzitsuagoa da, hobeto prestatu dugu eta kantak finkatuagoak daude.


Urduritasun puntu bat ere izango da, ezta?
Urduritasuna baino gogoa gehiago dugu. Musika aldetik nahiko seguru goaz, entseguak egiten dituzu eta gutxi gorabehera kontrolpean duzu. Beldur gehiago ematen didate prentsaurrekoek eta elkarrizketek.


Nola definituko zenuke zure musika?
Pop-rock dela esan daiteke. Gero horren barruan bariazio asko daude, eta esango nuke bere estilo propioa duela; ez nuke jakingo esaten zein hitzekin definitu daitekeen. Bakoitzak entzun dezake eta bere iritzia eman. Saiatzen naiz erraz entzuten den musika eta belarrirako atsegina dena egiten, niri horrelako musika gustatzen zaidalako.


Pop-rock estiloan euskaraz abestutako musika gehiago zabaltzen ari dela uste duzu?
Nik uste beti egon dela... Itoitz, Mikel Urdangarin... Badago jendea, bakoitza bere ukituarekin. Egon izan da joera bat rock gogorrerako, baina nik uste dut denetik egon dela.


Abestien letrak zuk zeuk idatzi dituzu. Aurretik esan bezala, zure bizipenetan oinarritu zara.
Gehienbat gizakien arteko hartu-emanen inguruko hausnarketetan: hor gertatzen diren gauzak, horri bueltak ematen aritzen zara, eta pentsatzen duzu horri buruz idatzi egin behar duzula. Gizakien arteko gorabeherek inspiratzen naute eta horri buruz idazten dut gehienbat.


Etxean artista ugari zaudete, aita idazlea, arreba ere musikaria… Etxean sormenerako giroa izateak laguntzen du?
Egia esan mundu oso ezberdinak dira. Nire arrebak arpa jotzen du, mundu klasikoagoa da, eta literatura ere beste mundu bat da. Baina pentsatzen dut giro bat izan dela sormenerako izan duguna, eta agian etxean ikusitakotik aparte nire bide propioa jarraitu dut, baina era batera edo bestera bere eragina izan du nigan.


Hirurok proiektu bat prestatzen ari zarete udazkenerako, etxetik sortzen ari zaretena, ezta?
Nire aitak idatzitako ipuin bat, ahotsekin, eta arrebak musika konposatu du, arregloak-eta, eta ni grabazioan aritu naiz gehienbat. Haurren ahotsak grabatu, nahasketak egin, efektuak sartu... Horretan ibili naiz.


Berezia izango da horrelako proiektu bat egitea.
Oso ezberdina da nik egiten dudanetik, baina polita da familian egitea. Nik normalean egiten ez dudan lana da.  


Orbainak diskora bueltatuz, zer ibilbide espero duzu izango duela?
Gauzak ez daude oso errazak, kontzertuak lortzea oso zaila da, diru gutxi dago leku guztietan, eta jendea ere ez da gehiegi mugitzen kontzertuetara... Kantak egiten hasi nintzenean bezala, gehiegi itxoin gabe nago. Nire lana egiten dut ahal dudan ondoena, gustatzen zaidalako, eta gero etortzen dena besoak zabalik hartzen dut. Kontzertu batzuk ateratzen badira eta pixka bat mugitzen bagara, eta motibazio bat sortzen bazaigu bigarren disko bat grabatzeko, pozik egongo naiz. Gure asmoa jotzen jarraitzea da, kanta berriak idatzi, sartu munduan pixka bat, jende berria ezagutu eta gozatu musikarekin.


Esan duzun bezala, zenbait taldetan aritutakoa zara. Eszenatoki gainean eskarmentua izango duzu, beraz.
Ahaztu egiten da ere pixka bat. Azken urteetan nahiko lasai ibili gara. Donostialdean jam sessionetan ere aritu izan naiz, beti kontaktuan egon naiz. Egia esan eszenatoki gainean gaizki pasatzearen beldur hori behintzat gaindituta daukat. Entseguak eginda-eta nahiko seguru zoaz. Beti izaten da urduritasun puntu bat, baina beldurrak izatearena eta horrelakorik ez, orain disfrutatu egiten dugu jotzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!