Espaloia ere izango du Adunako errepide berriak

Amaia Goikoetxea Azpeitia 2013ko urr. 23a, 20:19

Adunara igotzeko errepidea zabaltzearekin batera, oinezkoentzako eta bizikletan dabiltzanentzako bidea osatuko du udalak.

Azken asteetan Adunara igotzeko bidegurutzetik pasa denak itxita ikusi du bidea; eta datozen hilabeteetan ere, Andoaindik hurbilago dagoen aldetik igo eta jaitsi beharko dute bizilagunek. Izan ere, errepidea zabaltzeko lanetan dabiltza: «Diputazioarena da errepidea, eta aspalditik, urteetan, aritu gara bidea zabaltzeko eskatuz, estua eta ondorioz, arriskutsua ere bazelako», azaldu du Josu Amilibia Adunako Alkateak Atariari eskainitako elkarrizketan.
«Tirabira askoren ondoren lortu dugu Diputazioak lan horiek egitea. Bide batez, espaloia ere egitea proposatu genuen udaletik», gaineratu du Amilibiak. Herrian gora eta behera ibiltzeko, jendeak autoen bide berbera erabili behar zuen, eta hura zabaltzeko lanak egin behar direla baliatuz, espaloiarekin osatzeko proiektua aurrera eramatea lortu du Udalak. «Foru aldundiak ez ditu lan horiek egiten, baina akordio batera iritsi gara: lan beraren barruan egingo dira biak, baina Diputazioak errepidearen zabaltzea ordainduko du eta udalak hartuko du bere gain espaloiari dagokion zatia», azaldu du. Herriarentzat inbertsio oso handia dela aitortu du alkateak baina «oso beharrezkoa eta estrategikoa» ere baderitzo «mugikortasun eta segurtasun aldetik». Urriaren hasieran ekin zien errepideko lanei, eta abendu amaiera edo urtarrila hasiera bitarte luzatzea aurreikusten da. «Bidea guztiz itxita dagoelako orain gogaikarria izan arren, merezi duela iruditzen zait, herriak asko irabaziko baitu», ziurtatu du Amilibiak.
Horrela, epe ertainean, hirigintzari dagozkion azpiegitura lanak amaitutzat joko dituzte Adunan: «Azken 10-15 urteetan herriak aldaketak izan ditu, eta uste dut oso txukun geratu dela», azaldu du. Adunako erdigunea oinezkoentzat prestatuta dago, errepidea kanpoaldean geratuz eta sagardotegietarako bidean ere urbanizazio lanak burutu dituzte aldaketen zerrenda horretan. Honenbestez, hemendik aurrerakoan, udalak beste mota bateko egitasmoetara bideratuko ditu baliabideak: «hormigoia oraingoz alde batera utzi eta lehen baino modu indartsuagoan ekingo diegu ekimen sozialei orain», azaldu du Josu Amilibia Adunako alkateak.
Etxebizitzak aurrerago
2007 urtearen inguruan etxebizitzen bi promozio eskaini ziren herritarrentzat: «Adunako gazteek edo etxebizitza behar izan dutenek aukera izan dute herrian geratzeko, eta horrekin jarraitu nahi dugu», azaldu du Amilibiak. Kamio baserriaren inguruan etxebizitzak egiteko proiektua badagoela azaldu du. Martxan beharko lukeela aipatu du, baina etxebizitza tasatuen eskaintza hau atzeratu egin da: «etxebizitzen prezioa taxuzkoa izatea nahi dugu, ez da erraza, eta proiektua birplanteatzen gabiltza ea nola egin dezakegun».
Kirol azpiegiturei dagokionez, frontoiaz gain, beste azpiegitura txikiagoren bat erantsiko lukeela azaldu du: «Eskolaren aldamenean, futbola, saskibaloia, eskubaloia, eta antzekoak egitea ahalbidetuko lukeen toki bat gauzatzeko proiektua badago aspalditik, baina horretarako ere dirua behar da. Noizbait egin nahi dugu, baina ez da posible izango epe motzean burutzea». Hori litzateke azpiegituren plangintza biribiltzeko proiektua Amibiliaren aburuz. Lehentasuna, ordea, gizarte gaiei emango zaiela azpimarratu du alkateak.
AHTaren eragina
Abiadura Handiko Trenaren proiektua tunel bidez igaroko da Adunatik: Zizurkildik hurbildu, Belkoainen sartu, eta Andoainen, Bazkardo inguruan irtengo da. «Kaleko lanik ez dagoen aldetik eragina txikiagoa dela esan daiteke, baina hasierako lanek eragin handiagoa izan dute gure kasuan», azaldu du. Tunela zulatzean ateratako soberakinek eta haren inguruan egindako lanek landa eremuko lurrak egoera txarrean utzi zituzten, horietako batzuk nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lurrak zirelarik. Era berean, Miravalleseko meatze kutsatuak bere onera ekartzekoak ziren. «Departamentu eta eragile ezberdinen artean bilerak egin genituen, eta azkenik, AHTaren lanen ondoriozko soberakin horiek meatzea betetzeko erabili genituen: hura berreskuratu eta bete lana egiteko. Hala, genituen bi buruhauste horiei batera aurkitu diegu konponbidea», adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!