Endakiko langileak greba mugagabean daude zuzendaritzaren «utzikeriagatik»

Ataria 2013ko urriaren 17a

Iragan astelehenetik, hilaren 14tik, greba mugagabean daude Adunako Endaki SLko 33 langileak. Beraiek azaldutakoaren arabera, «krisiaren eta zuzendaritzaren neurri desegokien ondorioz» iritsi dira egoera horretara.

Langileek adierazi dutenez, sektore eolikoan, aeronautikan, petroleoan nahiz ontzigintzan piezen mekanizazioan lan egiten duen enpresan hiru urte eta erdiko epean lau lan erregulazio txosten jasan behar izan dituzte, 2009ko ekainetik 2012ko azarora. Horrez gain, 9 nomina dituztela ordaintzeke salatu dute.
Hala, urriaren 4an, enpresari zorra onartzeko kontziliaketa papeleta sartu behar zutela eta urriaren 14tik aurrera greba mugagabeari ekingo ziotela jakinarazi zioten.Hori guztia, «9 hilabetetan soldatarik kobratu gabe, inongo informaziorik jaso gabe eta egoerari irtenbiderik eman gabe egon ondoren».
Bada, lau egun geroago bideragarritasun plan bat aurkeztu ziela enpresak azaldu dute langileek. Plan horren arabera, Adunako Endaki Sl ixtea aurreikusten du enpresak, eta bertako 18 langile «kalte ordainik gabe» kaleratzea. Langileek adierazi dutenaren arabera, gainerako 15 langileak Lekunberrin kokaturik dagoen eta «egoera beretsuan» den Endaki 2ra aldatzea proposatzen da. Horiek abendura arte soldata kobratu gabe jarraituko lukete, eta urtarriletik aurrera kobratzen hasteko aukera izango lukete. Bideragarritasun plan horretan lanpostua uzteko  aukera ere prposatzen du enpresak, eta «elkarrekin eta norabide berean arraun egitea» gomendatzen die langileei.
Astelehenean greba mugagabean hasiko zirela ohartarazi ostean, enpresak Lan Delegaritzan itxiera patronala erregistratu zuen.
Langileek argi dute egun bizi duten egoerara zergatik iritsi diren: «Zuzendaritzaren utzikeria eta gaitasun ezarengatik ailegatu gara egoera honetara, eta 9 hilabeteko zorraren ostean, guztiok batera lan egitea eskatzen digute, nora goazen jakin gabe, eta enpresako zuzendaritzaren apustua benetakoa den inolako bermerik eman  gabe». Langileeki diotenez, enpresak «ez du inongo ekarpenik egin», eta «esfortzu guztia» langileen bizkar gainean utzi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!