Adunako Asvinenea arte eszenikoen laborategiak zazpigarren urtez Poltsiko Antzerki Lehiaketa antolatu du. Antzezlan motzeko antzerki lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek datorren astelehenera arte, hilaren 8ra arte izango dute izena emateko aukera.
Antzezlan bakoitzaren iraupena 8 eta 15 minutu artekoa izango da, profesional zein amateur artistek parte hartu ahalko dute, eta gaia zein teknika libreak izango dira.
Lehiaketa lau galetan garatuko dute, eta Adunako Zubitxiki industrialdean kokaturiko Asvineneako aretoan izango dira. Maiatzeko lau ostiraletan egingo dituzte, hau da, maiatzaren 3an, 10ean, 17an eta 24an. Lehenengo hirurak kanporaketak izango dira eta azkena finala. Finalean epaimahai profesinal batek aukeratuko du talde irabazlea, 600 euroko saria irabaziko duena, eta publikoaren botoarekin bigarren irabazlea aukeratuko dute, 300 euroko saria jasoko duena.