Abaltzisketako Udalak 7.800 euro jasoko ditu hainbat gunetako argiteria hobetzeko

Libe Otegi Turismo Zuzendaria, Jon Zubizarreta alkatea, Azahara Dominguez diputatua eta Iñaki Gorostidi Logikaline enpresako arduraduna. GFA

Abaltzisketako alkatearekin bildu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, eta herriko hainbat gune bisitatu ditu segidan, besteak beste, Logikaline lantegia, eta Abaltzisketako Eskola Txikia zein Ostatua.

Abaltzisketako Udalak 7.805,41 euro jasoko ditu hainbat eremutako argiztapena hobetzeko, segurtasuna indartzeko eta espazio publikoaren «erabilera berdintasunezkoagoa eta inklusiboagoa» bultzatzeko. Gipuzkoako sei udalerrik jaso dute dirulaguntza aldundiaren Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu Departamendutik, hain zuzen, «genero ikuspegidun» hirigintzako jarduerak sustatzeko deialdiaren barruan.

Hari horri tiraka, Abaltzisketako Jon Zubizarreta alkatearekin bildu da Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua «bertatik bertara ezagutzeko» herriaren «etorkizuneko proiektu, behar eta erronka nagusiak».

Herria ezagutzen



Jardunaldian Abaltzisketako Logikaline lantegia ere bisitatu dute, zeina espezializatuta dagoen, besteak beste, bezeroarentzako arreta-zerbitzuetan. Diputatuaren esanetan, Logikaline «landa-inguruneko ekintzailetzaren eta berrikuntzaren adibide bat» da, eta gai da eskualdean enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko eta «bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen» laguntzeko.

Era berean, Abaltzisketako Eskola Txikian ere izan da Dominguez, eta alkatearen eskutik ezagutu ditu etorkizunera begira dituzten «kezka eta behar nagusiak». Azkenik, Abaltzisketako Ostatua ezagutu dute, eta egiten duten lana nabarmendu du diputatuak: «Ostatuak gure herrien nortasunaren parte dira, eta funtsezko zeregina betetzen dute gure udalerriak bizirik mantentzeko eta bisitatzen gaituztenei Gipuzkoa egiazkoena hurbiltzeko», adierazi zuen diputatuak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!