Abaltzisketako San Joan jaiak 2026

Ostiralean txalburua igo eta hilaren 24ra arte ospatuko dituzte jaiak

Ataria 2026ko ekainaren 17a

Iazko San Joan suaren une bat Abaltzisketan. ASIER IMAZ

Abaltzisketan ostiral arratsaldean hasiko dira San Joan jaiak ospatzen. Askotariko jarduerak izango dituzte bost egunetan, eta Mikel Urdangarinen kontzertuak itxiko du egitaraua.

Uda giroa gerturatzearekin batera sumatzen dituzte San Joan jaiak Abaltzisketan. Hutsik egin gabe antolatu dute egitaraua, eta zabal ospatuko dituzte herriko festak ostiraletik San Joan egunera. Denetariko jarduerak izango dituzte egun horietan, besteak beste, herri kirolak, kontzertuak, kalejirak eta haurrentzako jarduerak.

Ostiralean festa hasteko 19:00etan txupinazoa bota eta, segidan, txalburua igoko dute Burrunbazale txarangarekin batera. Behin festa hasita, zahagiardoa zein txotxa izango dituzte afaltzeko, eta afalostean berriro joko du Burrunbazale txarangak. Eguna amaitzeko, berriz, erromeria egingo du Trikidantz taldeak, eta, ondoren, DJ Nazak jarriko du musika gauean zehar.

Asteburuko hitzorduak

Larunbatean bertso-bazkaria izango dute lehen hitzordua, eta otordua Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariek girotuko dute. Umeentzako jarduerak 16:00etan hasiko dira, eta meriendarekin batera, 19:00ak arte iraungo dute puzgarriek. Eguna bukatzeko sagardo dastatzea egingo dute plazan, eta Obaneuke erromeria hasiko da segidan.

Igandean, berriz, goizean pilota partidak jokatuko dituzte. Eta asteburua borobiltzeko, lehenik, XXV. zaldi lasterketa jokatuko dute Abaltzisketatik Amezketara; eta, ondoren, gazteen arteko herri kirolak egingo dituzte.

San Joanen jiran

Asteleheneko atseden egunaren ondotik, asteartean —hilaren 23an— izango dira hurrengo ekitaldiak. San Joan bezpera XXII. mus txapelketarekin hasiko dute, eta iluntzean izango dituzte ekitaldi nagusiak. San Joan sua 21:30ean piztuko dute, eta ondoren egingo dituzte XXXVII. San Joan eta Soka dantzak. Eguna bukatzeko, berriz, Izer eta Alabier zein Ansorregi eta Larrañaga trikitilari bikoteek emango dute kontzertua.

Asteazkenean, San Joan egunean, Herriko Txokoan erretiratuen hamaiketakoa izango dute meza bukatutakoan; eta, segidan, triki-poteoa egingo dute herriko gazteek. 12:30ean XIII. Aitor toka txapelketa jokatuko dute; eta, bitartean, txakolina dastatzeko aukera izango dute, jateko zenbait mokadurekin batera. Eguna borobiltzeko, Mikel Urdangarin abeslariak 18:30ean hasiko du kontzertua (sarrera 8 euro), eta herri afariarekin itxiko dute ospakizuna.

San Joan jaiak ez ezik, ekainaren 29an San Pedro eguneko ospakizuna ere izango da Larraitzen, eta 12:30ean izango dute meza nagusia. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!